Liburutegien Lankidetzarako Kontseiluak Ermuko liburutegiaren lana aitortu du
Liburutegien Lankidetzarako Kontseiluaren (CCB) urteroko bilkurak 2017ko CCB Zigilua eman dio Ermuko liburutegiari, Errealitateak islatzen dituzten ipuinak proiektuari esker. Zigiluak estatuko proiekturik azpimarragarrienak eta berritzaileenak aitortzen ditu, beste liburutegientzat eredu izan daitezkeenak hainbat atal ezberdinetan. Liburutegi Publikoen kategorian gailendu da Ermuko instalazioa, eta astearte honetan, otsailak 20, Valentzian izandako ekitaldian jaso du saria.
Kontseiluak berritzailetzat baloratu du Errealitateak islatzen dituzten ipuinak tokiko proiektua. Izan ere, irakurzaletasunaren eta ipuinen bidez, haurtzaroan jasandako sexu abusuen gai deseroso eta korapilatsuei heltzen die.
Óscar Arroyo Ortega, Gaztela-Mantxako Liburutegi, Liburu eta Irakurketa Zerbitzuko Buruak eta CCKko Liburutegi Publikoen Kontseiluko presidenteak aurkeztu du Ermuko proiektua. Bere azalpenetan, Ermuko lana 70 proiekturen artetik hautatua izan dela adierazi du, itxuraz duen sinpletasunagatik, baina gai konplikatu baten aurkezpenean, garapenean eta ebaluazioan erakusten duen indarragatik. Gainera, Ermuko liburutegi zerbitzuaren irmotasuna azpimarratu du, bere ibilbidea eta dituen baliabideekin eskaintzen dituen zerbitzuak baloratuz.
Zigilua Valentziako Centre del Carme aretoan jaso du Sara Gago Ermuko liburutegiko arduradunak. Horretaz gain, herriaren, liburutegiaren eta saritutako proiektuaren inguruko aurkezpen labur bat egiteko tartea izan du bertaratu diren pertsonen aurrean.
Fernando Benzo Sáinz Estatuko Kultura Idazkariak sinatu du zigilua, eta sari banaketan izan dira Luis Lafuente (Kultura Idazkaritzako Arte Ederren eta Kultur Ondarearen Zuzendari Orokorra), Ana Santos (Espainiako Liburutegi Nazionaleko Zuzendaria), Concha Vilariño (Liburutegien arteko Koordinaziorako Zuzendariorde Orokorra) eta Violeta Miguel (CNIIE Berrikuntza eta Hezkuntza Ikerketarako Zentro Nazionaleko Zuzendaria).
Zigiluaren lehenengo deialdi honetan sei sari banatu dira kategoria ezberdinetan. Honakoak izan dira aitortutako proiektuak:
- Liburutegi publikoak: Ermuko Udal Liburutegiaren Errealitateak islatzen dituzten ipuinak
- Eskola liburutegiak: IES Real Instituto de Jovellanosen (Gijón) Gijón, callejero poético eta IES María de Molinaren (Zamora) Novelas gráficas, grandes novelas
- Liburutegi espezializatuak: Andaluziako Osasun Sistema Publikoko Liburutegi Birtualaren Democratización del acceso a la información científica
- Liburutegi nazionalak eta eskualdekoak: Kataluniako Liburutegiaren Transcriu-me!!
- Unibertsitate liburutegiak: Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Unibertsitate Liburutegiaren #readytoreadyfor: redes sociales y competencias + habilidades + valores transversales en la biblioteca universitaria
Liburutegien Lankidetzarako Kontseilua (CCB)
CCBa administrazioen artean liburutegi arteko lankidetza kudeatzen duen organoa da, eta bertan ordezkatuta daude liburutegiak dituzten edo horien gaineko eskumena duten administrazioak: Estatuko Administrazio Orokorra, Autonomia Erkidegoak, tokiko entitateak, unibertsitateak eta profesionalen elkarteak.
Organo honek helburuak zehaztu eta akzio planak adosten ditu liburutegi zerbitzuen garapenerako egokiak izan daitezkeen gaien inguruan, esaterako, bildumen hobekuntza, digitalizazioa, jabetza intelektuala, ondare bibliografikoa, erabiltzaileei eskaintzen zaizkien zerbitzuak, eta abar.
Kontseiluaren Osoko bilkuraren hamaikagarren edizioa izan da aurtengoa, eta orain arte Jacan, Kordoban, Valladoliden, Gasteizen, Santanderren, Madrilen, Toledon, Iruñan, Zeutan eta Lanzaroten izan dira bilerak. Urteroko topaketa horretaz gain, Kontseiluko organoek urte osoan zehar egiten dute lan bestelako bileren eta lankidetzarako webgunearen bitartez.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua