‘Todo el dinero del mundo’ eta ‘Sin rodeos’ filmekin hasiko da apirileko zine programazioa
Gustu eta adin guztietarako 16 pelikulak osatzen dute Ermua Antzokiko apirileko zine programazioa. Agenda berria ostegun honetan abiatuko da, apirilak 5, eta datozen asteetan, 4 zineklub saio, 8 film komertzial eta haurrentzako 4 emanaldiz gozatzeko aukera izango dugu.
Gainera, hilero bezala, zine komertzialera eta zineklubera sartzeko aukera ematen duen bonoa lortu dezakegu, filmeko 1,3 euroren truke. Bonoa Lobiano Kulturgunean eta Ermua Antzokiko leihatilan eskuratu daiteke, eta hil honetan 15,6 euroko salneurria izango du.
Zineklubarekin hasiko da, beraz, apirileko zine programazioa, eta ostegun honetan Luca Guadagnino zuzendariaren Call me by your name film entzutetsua izango da ikusgai. Egokitutako gidoi onenaren Oscar saria jaso du pelikula honek, eta Elio Perlman (Timothée Chalamet) 17 urteko gaztearen bizimodua kontatzen du, Italia iparraldean gurasoen etxean igaroko duen 1983ko uda bero eta eguzkitsuan zehar. Eliok alferkeriatan, musika entzuten, liburuak irakurtzen eta igeri egiten pasatzen du astia, bere aitaren laguntzaile amerikar berria iristen den arte. Oliver (Armie Hammer) adeitsua, gaztea, erakargarria eta ziurra da, eta Eliorekin batera txangoak egiten hasiko da. Udak aurrera egin ahala, bi gazteen arteko harremana estuagoa bihurtuko da. Pelikula zirraragarri, dibertigarri eta emozioz betea da Call me by your name, eta jatorrizko bertsioan azpitituluekin eskainiko da ostegun honetan 20:30etik aurrera.
Zine komertzialari dagokionez, emanaldiak larunbatean hasiko dira Todo el dinero del mundo filmaren lehenengo proiekzioaren eskutik. Ridley Scott zuzendari ezagunaren azken lana 70. hamarkadako Italian girotzen da. John Paul Getty (Christopher Plummer) petrolioaren negozio gizona munduko pertsonarik aberatsenetako bat da, eta bere familiaren bizitzak idilikoa dirudi. Erakunde paramilitar batek, ordea, John Paul Getty III (Charlie Plummer) 16 urteko biloba bahituko du. Mutikoa non dagoen arrastorik gabe, bere ama Gail Harrisek (Michelle Williams) ahal duen guztia egingo du aitona aberatsak erreskatea ordaindu dezan. Thriller sinesgarri eta estiloz betea da Todo el dinero del mundo, eta larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean emitituko da.
Asteko bigarren film komertziala Sin rodeos izango da, Santiago Seguraren komedia berria eta Torrente sagatik at zuzentzen duen lehenengo pelikula. Maribel Verdú protagonista duela, David Guapo, Cristina Pedroche, Candela Peña eta Alaska bezalako pertsonaia desberdinak izango ditugu ikusgai film honetan. Paz (Maribel Verdú) itxuran perfektua dirudien bizitza duen emakumea da: lan ona dauka, lagun onak, bikote harreman egonkorra… baina zerbait ez doa ondo. Izan ere, badira inguruan gustatzen ez zaizkion gauzak, baina Paz ez da ausartzen bere sentimenduak adieraztera. Egun batean, ordea, terapia arraro bat egingo du, eta burutik pasatzen zaion guztia esaten duen emakumea bihurtuko da, inongo iragazkirik gabe. Nicolás López zuzendariaren Sin filtro film txiletarraren remake bat da Sin rodeos, eta larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean izango da ikusgai.
Azkenik, igandeko haurrentzako zine saioari dagokionez, El reino de las ranas: misión en el Ártico animaziozko film txinatarra eskainiko da. Euria dator berriro ere Zapoen Erreinura, hiriburua astindu duten leherketen ostean. Zapoen Erregeak iragarri duenez, Kristalezko Zapoa, erreinua babesten duena, arriskuan dago; beraz, biztanle ugarik hiritik beldurtuta ihes egingo dute. Nahaste guztiaren erdian, Printzesak jauregitik ihes egingo du, bere aitak erreinua babesteko agindu zien gizonekin bat egiteko. Guztiek batera, Uniojo Kapitain maltzurra misterioaren atzean dagoela susmatuko dute. Abentura honen emaitza, igandean 17:00etatik aurrera Ermua Antzokian.
Informazio gehiago behar izanez gero, jo ezazu Ermua Antzokiaren mikrositera.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan