‘La Tribu’ eta ‘Peter Rabbit’ filmekin amaituko da apirileko zine programazioa

24.04.18
Ermua Antzokia

Ermua Antzokiak aste honetan emango dio amaiera apirileko zine programazioari. Hileko azkeneko emisioak ostegunean hasiko dira, zineklub saioan eskainiko den El insulto filmaren eskutik. Ziad Doueiri zuzendari libanoarraren gizarte drama honek Ekialde Hurbilean bizi diren kulturen arteko tentsioak ederki islatzen ditu kalitatea galtzen ez duen parabola iaio eta baliotsu honetan. Toni kristau libanoarra bere balkoiko landareak ureztatzen ari da, eta nahi gabe ur pixka bat jausten zaio gainera Yasserri, gizon palestinar bati. Horrela, liskarretan hasiko dira, eta garrantzia handiagoa izan dezakeen arazo bilakatu daiteke. El insulto ostegunean eskainiko da 20:30etik aurrera azpititulatutako jatorrizko bertsioan.

Zine komertziala, bestalde, larunbatean 19:30ean hasiko da El viaje de sus vidas pelikularen lehenengo proiekzioarekin. Paolo Virzik zuzendutako filmak Helen Mirren eta Donald Sutherland ditu protagonista, eta tragikomedia eta road moviea ederki uztartzen dituen lan samurra eta sentimenduz betea da. Ella eta John adineko bikotea dira, eta gizonaren gaixotasunak eta seme-alaben eta medikuen presioak jota bizi dira. Azkeneko abentura gisa, euren autokarabana zaharra hartu eta Estatu Batuetan zehar bidaiatzeari ekingo diote kostaldera iritsi arte. Maitasuna, ezinegona eta bizitzari aurre egiteko modu berri bat izango dituzte bidelagun. El viaje de sus vidas igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean ere izango da ikusgai.

Asteburuko bigarren film komertziala La tribu komedia espainiarra izango da, Fernando Colomok zuzendua eta Carmen Machi eta Paco León protagonista dituena. Pelikula dibertigarri eta ganberro honetan, Virginia garbitzaile eta bokazioz dantzariak bat egingo du Fidelekin, duela urte asko adopzioan eman zuen eta lanean une gogorrak igarotzen ari den semearekin. La tribu larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean eskainiko da.

Igandeko haurrentzako saioari dagokionez, 17:00etatik aurrera uneko animaziozko filma eskainiko da, Peter Rabbit. Beatrix Potter idazlearen ipuin klasikoaren moldaketa honetan, untxi erreboltari eta bihurria aurkezten zaigu, inguruko baserritarren amesgaizto bihurtuko dena.

Informazio gehiago behar izanez gero, ikus ezazu Ermua Antzokiaren mikrositea.

Lotutako albisteak

Imagen
13.05.25
‘Los pecadores’ eta ‘Muy lejos’ filmak Ermua Antzokiaren asteko zine proposamenak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude
Imagen
07.05.25
Korrontzi eta Alboka Musika Eskolako Bandaren kontzertua

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro
Imagen
06.05.25
"Sorda" eta "Confidencial", asteko zine egitarauko protagonistak

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan