‘Gringo: se busca vivo o muerto’ eta ‘El aviso’ filmekin hasiko da maiatzeko zine programazioa

02.05.18
Ermua Antzokia

Adin eta gustu guztietarako 17 pelikulak osatzen dute Ermua Antzokiko maiatzeko zine programazioa. Hil honetan zehar zineklubeko bost zinta, haurrentzako lau ekoizpen eta estreinako zortzi film komertzial eskainiko dira.

Ohi bezala, oraingoan ere eskuragarri dago hileko bonoa, film bakoitzeko 1,3 euroren truke zineklubeko eta zine komertzialeko saioetara joateko aukera ematen duena. Maiatzean 16,9 euroko salneurria izango du, eta Lobiano Kulturgunean eta Ermua Antzokiko leihatilan eskuratu daiteke.

Asteko programazioa ostegunean hasiko da zineklub saioaren eskutik, eta bertan Philippe Van Leeuw zuzendari belgiarraren Alma Mater lana izango da ikusgai. Oum Yazan, hiru semeren ama, setioan dagoen Ekialde Hurbileko hiri batean bizi da, bere etxean harrapatuta, baina familiarentzat eta bizilagunentzat leku seguru bihurtu du, gerratik babestu ahal izateko. Horretarako, baina, denetariko egoera zailei aurre egin beharko die. Film hunkigarri eta dotore honek gerraren miseriak eta horiek gainditzeko ematen diren pausoak erakusten ditu. Alma Mater ostegunean 20:30ean eskainiko da azpititulatutako jatorrizko bertsioan.

Zine komertziala larunbatean hasiko da 19:30etik aurrera Gringo: se busca vivo o muerto pelikularen lehenengo emisioarekin. Nash Edgerton zuzendariaren lan honek Charlize Theron eta David Oyelowo ditu protagonista. Mafiaren eta narkotrafikoaren munduan murgiltzen den umorezko  thriller honetan, iparramerikako enpresari batek arazo bat izango du farmazeutika batekin, eta bere bizitzak erabateko bira jasango du Mexikon hanka-sartze bat izatean. Landutako gidoiari eta elkarrizketa biziei esker, gozatzeko moduko komedia erakargarria da Gringo: se busca vivo o muerto. Larunbataz gain, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean ere ikusgai izango da.

Asteburuko bigarren film komertziala El aviso, Daniel Calparsoro euskal zuzendariaren azken lana da, Aura Garrido eta Raúl Arévalo aktore arrakastatsuak protagonista dituena. Nico 10 urteko mutikoak heriotza mehatxua egiten duen gutuna jasotzen du, baina bere inguruko inork ez dio sinesten. Bestalde, zenbakiekin itsututa dagoen Jon gazteak urteetan zehar leku berean izandako hilketa batzuk ikertzen dihardu, guztiek zerbait komuna dutelako ustean. Tentsio eta enigma handiko thriller indartsua da El aviso, eta larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean izango da ikusgai.

Haurrentzako saioari dagokionez, 17:00etan El hijo de Bigfoot animaziozko filma eskainiko da. Adam 13 urteko mutikoa da, eta arraro sentitzen hasiko da ilea oso azkar hazten zaiola eta oin oso handiak dituela konturatzen denean. Orduan, bere amak ordura arte ezkutuan izandako sekretu bat kontatuko dio. Familia osoarentzat abentura eta fantasia.

Informazio gehiagorako, jo ezazu Ermua Antzokiaren mikrositera.

Lotutako albisteak

Imagen
13.05.25
‘Los pecadores’ eta ‘Muy lejos’ filmak Ermua Antzokiaren asteko zine proposamenak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude
Imagen
07.05.25
Korrontzi eta Alboka Musika Eskolako Bandaren kontzertua

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro
Imagen
06.05.25
"Sorda" eta "Confidencial", asteko zine egitarauko protagonistak

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan