‘Amour’ antzezlanak amaiera emango dio Ermua Antzokiko ikuskizunen programari

09.05.18
Ermua Antzokia

Marie de Jongh konpainiak Amourantzezlana aurkeztuko du ostiral honetan, maiatzak 11. Familia osoari zuzendutako ikuskizuna da, testurik gabea, eta 20:30etik aurrera izango da ikusgai Ermua Antzokian. Obra berezi eta saritu honekin emango zaio amaiera Antzokiaren kultur programazioari, irailera arte.

Amour anbizio handiko erronka da, eta haurrek nahiz helduek elkarrekin gozatu dezaketen antzerkiari balioa ematea du asmotzat, emozioak, gogoetak, zalantzak eta ziurtasunak partekatzeko.

Neska mutil batzuk jolasean dabiltza guztia hasten den herrialdean. Mundua deskubritzeko gogo biziz daude, euren unibertsoa eraldatzeko. Helduak imitatzen dituzte, bizi eta lotsagabe. Maitatzera ausartzen dira, horren egiazko esanahia zein den jakin gabe. Euren poltsikoetan “gorroto” hitza topatu aurretik haserretzeko arazorik ez dute. Usainen, azalen, fereken, baztertzeen, babesaren, desioen inguruan badakite… baina denboraz ez.

Eta bat-batean hirurogei urte baino gehiago pasatu dira. Orain, zahartuta, hosto zimelen moduan erortzen diren hitz ugari ateratzen dituzte poltsikoetatik. Usainen, azalen, fereken, baztertzeen, babesaren, desioen inguruan badakite, eta, paradoxa dirudien arren, elkarrekin haserretzen dira maitatzearen benetako esanahia ikasten dutenean. Denboraz ere badakite. Baina ez dakitena zera da: maitasunak beti ematen digula aukera bat.

Asmo gaiztoen eta erabateko maitasunaren arteko lerro argalaren inguruan gogoeta egitera bultzatzen gaitu Amour antzezlanak, eta desberdinen arteko elkarketaren goraipamena da; aurreiritziak gainetik kentzeko deia egiten digu.

Jokin Oregik zuzentzen du produkzio saritu hau; izan ere, ikuskizun onenaren Max 2017 eta Feten 2016 sariak eskuratu ditu, baita euskal produkzio onenaren Ercilla 2015 garaikurra ere. Javier Renobales, Ana Martínez, Ana Meabe, Pablo Ibarluzea eta Anduriña Zurutuza aktoreek ematen diote bizia ordubete luzeko antzezlan honi.

Amour ikuskizunerako sarrerak salgai daude 8 euroren truke Lobiano Kulturgunean, BBKren orotarako kutxazainetan, Kutxabanken webgunean eta, antzezlana hasi baino ordubete lehenagotik, Ermua Antzokiko leihatilan.

Lotutako albisteak

Imagen
10.06.25
Banarte Antzerki Taldeak "Cuentra atrás" aurkeztuko du Ermuan

Antzezlana ostiral honetan izango da 20:30etatik aurrera Ermua Antzokian
Imagen
Fotografía del elenco de la obra de teatro Antigona
28.05.25
Sutegi antzerki taldeak ‘Antigona’ aurkeztuko du Antzokian

Sofoclesen lan klasikoa ostiral honetan izango da ikusgai, 20:30etik aurrera
Imagen
27.05.25
Ermua Antzokiak denboraldiko azken lau filmak proiektatuko ditu

Aste honetan ‘Una quinta portuguesa’, ‘La niña de la cabra’, ‘Faisaien irla’ eta ‘Moon, mi amigo panda’ ikusi ahal izango ditugu