Pentsionistek kalea irabazi dute, amore eman gabe tinko mantenduz
Ermuko pentsionistek ehunka pertsona bildu zituzten bart arratsean pentsio duinak aldarrikatzeko xedez deitu zuten manifestazioan. Martxa udaletxe aurretik -Baldespina Markesaren kaletik- abiatu zen arratseko 7etan eta hiriguneko kaleetatik egindako ibilbidean jende franko biltzen joan zen, Udaltzaingoak egindako kalkuluen arabera, bostehun bat biltzeraino. Deialdiarekin bat egin eta horri erantzun zioten adin guztietako askok, besteak beste, jubilatuak, pentsionistak, oraindik aktibo dauden langileak, gazteak, ikasleak eta familiak umeekin.
Pentsionistek aldarrikatzen dituzten eskaera nagusiak sei dira: pentsioak bizitzaren benetako kostua oinarri haturik igotzea; gutxieneko pentsio duina 1.080 eurotan ezartzea, jasangarritasun faktorea eta pentsioetan egindako azken aldaketak indargabetzea; azken lan-erreformak indargabetzea eta lan-prekarietatea ezabatzea; generoaren arabera pentsioetan dauden ezberdintasunak ezabatzea eta pentsio-fondo pribatuei babesik ez ematea, Sistema Publikoa ahultzen dutelako.
Pentsionistak mobilizazioetan dabiltza urte hasieratik, hain zuzen ere, orduan agintean zegoen Gobernuak %0,25 igoko zituela jakin zutenez geroztik. 2018ko urtarriletik astelehenero bildu izan dira eguerdian udaletxe aurrean; hasieran elkarretaratzea eginez eta, gerora, herriko kaleetan barne martxa gauzatuz. Hasiera baten taldetxoa espontaneoki biltzen hasi zen, asteak pasa ahala, ekimena egonkortu eta antolatu ondoren gero eta gehiago izanez gaur hainbat ehunka biltzen direlarik. Kolektiboak jada 21 aste bete ditu mobilizazioetan, Gobernuak aurtengo Aurrekontu Orokorretan ehuneko handiagoa igotzea erabaki arren. Pentsionistek ez dute amore ematen eskubideen aldarrikapenean, orain gutxi gobernuan izan den aldaketak ere dituela kaletik atera.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean