Carlos Totorikak agur esan dio Ermuko Udalbatzari

27.06.18
Erakundea

Carlos Totorikak astearte honetan utzi du Ermuko Alkate kargua, 27 urteren ostean. Ordezkari politikoak, herritarrak eta Udaleko langileak izan ditu alboan bere agurreko Osoko Bilkuran.

“Denbora luzez pentsatzen aritutako erabakia” modu ofizialean aurkeztu du Totorikak, eta Udalari agur esan dio. Horrekin batera, bizitza erdiz bizi izan duen “ilusio handiko lana, jardunaldi luzeak, lanean etenik gabeko asteburuak eta familiarekin eta lagunekin egon ezinezko egunak” atzean utziko dituela azaldu du.

Jada Ermuko alkate ohia denak “politikako lehen lerroan bizitako mende laurdena” itxiko du horrela, baina familia langile bateko semea dela ahaztu gabe: “Antonatxako Felixen eta Konbentukoako Ceciliaren semea izaten jarraituko dut aurrerantzean ere”. Horrela, Totorikak albo batera egiteko unea iritsi zaiola azaldu du, belaunaldi berri bati lekukoa emateko, eta urte luze hauetan jasotako babesa eta egindako esfortzuak eskertu izan nahi dizkie, batez ere, bere emazte eta alabei.

Udalbatzako alderdi politikoetako bozeramaileek euren esker ona adierazteko tartea hartu dute Totorikaren agurrean. Hura alkatea ez izatea “arraroa” izango dela azaldu du Julen Dominguezek (Irabazi): “Gure belaunaldiko alkatea izan zara, ez dugu besterik ezagutu, eta zuri esker instituzioetako politikak nola funtzionatzen duen ikasi ahal izan dut”.

Fernando Lecumberrik (PP) Totorikaren alboan izandako hainbat bizipen ekarri ditu gogora, eta “askatasunaren eta demokraziaren erreferentea” izan dela adierazi du: “Nire errespetua eta adeitasuna dituzu, eta egindako kudeaketa onetik at, pertsona ona zarela azpimarratu nahi dut”.

Javier Lobatok (Se Puede Ermua Ahal Da) irribarre artean aitortu du alkatearen uko egitearen berri izan zuenean hasieran gezurra zela pentsatu zuela, eta bizitzako aro berri honetan zorterik onena opa diola azaldu du.

EAJko ordezkariak, Jol Gisasolak, Udalean Totorikaren gobernupean izandako ibilbidea errepasatu du: “Eztabaidatik akordioetara pasatu gara, eta zerbait ikasi badugu, esfortzurik gabe emaitzarik ez dagoela da: bat gehi bat beti da gehiago, bat ken bat aldiz ez doa inora”.

Azkenik, EH Bilduko Paul Yarza bozeramaileak Totorikaren lana eta dedikazioa azpimarratu ditu: “Alderdi bakoitzak politika ulertzeko eta egiteko modu ezberdinak dituen arren, Totorikak duen guztia eman du Ermuaren alde”. Gainera, ETAren mehatxupean egon zen garaian pairatutako sufrimendua publikoki aitortu nahi izan du Yarzak.

Alkate berriaren hautaketa, ostiralean

Zinegotzi gisa gelditu da Carlos Totorika ostiral honetara arte, orduan hautatuko baita alkate berria, 10:00etatik aurrera, ezohiko Osoko Bilkura saioan. Era berean, ostiralean bertan egingo dio uko zinegotzi izateari ere, PSE-EE/PSOEko zerrendako bigarrena den Juan Carlos Abascali makila entregatu ostean. Azken hau dago alkate funtziotan, izendapen ofizialera bitartean.

Saioa zuzenean eskainiko da streaming bidez Ermuko Udalaren webgunean, baita erakundearen YouTubeko kanal ofizialean ere.

Lotutako albisteak

Imagen
16.05.25
Ziurgabetasunak eragiten al dio talentuari? Zenbateraino? Enpresa edo herri-administrazioetan maila berdinean?

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n
Imagen
16.05.25
M17: LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean
Imagen
13.05.25
‘Euskaraldia’ hastear, ostegunetik hasita hamar egunez

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua