Juan Carlos Abascal da Ermuko alkate berria

29.06.18
Erakundea

Juan Carlos Abascal Candás sozialista izango da Ermuko alkatea egungo 2015-2019 legegintzaldia -demokraziako hamabigarrena- amaitzen den arte, datorren urteko maiatzean. Gaur jaso du Abascalek aginte makila, Carlos Totorika Izagirre bere aurrekariaren eskuetatik, ezohiko Osoko Bilkura saioan. Aldeko sei boto jaso ditu alkateak, eta beste bost boto zuri aurkeztu dira. EH Bilduk (2), Se Puede Ermua Ahal Da (1) eta Irabazik (1) euren zerrendaburuen aldeko botoak eman dituzte. Babes gehien jaso duen hautagaia izatean -gehiengo sinplea-, Abascalek Totorikak utzitako erakundea gidatzeko erronka eta ardura izango ditu. Alkate ohiak pisu handia izan du udalerrian, zazpi hauteskundez jarraian herritarren babesa jaso ostean, eta 27 urte bete ditu karguan, kudeaketari ukitu pertsonala emanez. Gaurko Bilkura saiora Udalbatza osatzen duten 17 zinegotzietatik 15 aurkeztu dira.

Patxi López lehendakari ohia saioan eta izendapenean izan da

Alkatetzako erreleboa bermatu ostean, Carlos Totorikak uko egin dio bere aktari eta Ermuko zinegotzi izateari utzi dio. Hauteskunde Legean zehazten denaren arabera bete beharko da hutsunea, beraz, beharrezko izapideak osatzeko prozedura hasiko da. Horrela, uztaileko Osoko Bilkurarako edo irailerako ordezkoa izango da; izan ere, abuztua ezgai da Udalerrien Araudi Organikoaren arabera. Patxi López lehendakari ohia, Idoia Mendia PSEko Idazkari Orokorra, M. Ángel Morales antolakuntzako idazkaria, Mikel Torres Bizkaiko sozialisten idazkaria eta Begoña Gil erakundeetako politika idazkaria saioan izan dira, beste zinegotzi ohi, jarraitzaile eta herritarrekin batera.

Juan Carlos Abascal Candás (1974) lehen alkateordea izan da orain arte. Ekonomi eta enpresa Zientziatan lizentziatua da, EHUn eta Sarrikoko ikasle izandakoa. Udaleko langile ere bada, bertan Enplegu eta Tokiko Garapen agente izandakoa, ‘Promosa’ udal sozietate publikoko ekonomia eta finantza arduraduna eta, 2006a geroztik, sozietatearen Gerentea. Gaur egun derrigorrezko eszedentzian dago 2015eko Toki Hauteskundeetan alderdi sozialistaren zerrendako bigarren aurkeztu ondoren.

Abascalek adierazi duenez, “ohorea da niretzat Ermuko alkatea izatea, eta dedikazioarekin eta esfortzuarekin jaio nintzen herriak merezi duen mailan egotea espero dut”. “Bete-beteko arduraldian egingo dut lan, eta Ermuari bultzada berri bat ematen saiatuko naizela zin egiten dut”. Egun garrantzitsu honetan, ez da bere jatorriaz eta gurasoez ahaztu, “beste asko bezala Kantabriatik etorri zirenak, ilusioz beteta, lan egitera eta etorkizuna eraikitzera, beldurrekin eta zalantzekin, baina erabakiarekin. Adolfok eta Rosak harrera egiten jakin zuten pertsonekin egin zuten topo, eta guztien artean elkarbizitza, esfortzu, lan eta gainditze eredugarria eraiki zuten zorigaizto guztien aurretik. Harro sentitzen naiz Ermukoa izan eta Ermuan bizitzeaz”, gehitu du.

Hurrengoa Rosa María Cid Seara da, hautagaien zerrendako zortzigarrena

Alkate berriak iragarri du “gaur bertatik hasita” gizarteko eragileekin, enpresariekin, sindikatuekin, kirol elkarteekin, kultur taldeekin eta gizarte elkarteekin bilduko dela. “Auzoak bisitatuko ditut bakoitzaren beharrak ezagutu eta lehentasunak zehazteko. Guztiak entzun nahi ditut, denon artean proiektu berri bat bultzatzeko”.

Jarraian, eskerrak eman nahi izan dizkio Carlos Totorikari, bere esfortzu eta dedikazioagatik, liderra izateagatik eta terrorismoaren aurrean askatasunaren eta duintasunaren aldeko borrokan erreferente izateagatik. “Tartean izan naizen estrategia baten buru izan da, Ermuaren hiri-eraldaketa posible egin duena, baliabideei lehentasunak ezarriz eta hitzak ekintza bihurtuz gure eskumenekoak ez diren alorretan baina gure hiritarrentzat garrantzitsuak direnetan, hala nola, enplegua, berrikuntza, berdintasuna eta eraldaketa digitala”. Adierazpen osoak 20 minutu inguruko saioaren bideoan ikusi eta entzun daitezke.

2015. urtetik, gutxiengoarekin dago PSE-EE/PSOE Ermuko gobernuan, Udalbatza osatzen duten 17 ordezkarietatik 6 zinegotzi baititu. Carlos Totorikak alkatetzari eta zinegotzi izateari uko egiteak Sozialistek 2015eko Hauteskundeetara aurkeztutako zerrendan mugimendua ekarri du. Horrela, Udalbatza osatuko duen hurrengo zinegotzia Rosa María Cid Seara izango da, sozialisten zerrendako zortzigarrena. Rosa Mª Cid Durangaldeko UGTko sindikalista liberatua da.

Lotutako albisteak

Imagen
05.05.25
‘Oporretan Jolas’ ekintzetan izen ematea zabaltzear

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik
Imagen
30.04.25
Ermuak NAN digitala eguneratzeko makina jartzea eskatu du Abiapuntun

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko
Imagen
30.04.25
Udal liburutegiak ordutegia luzatuko du ikasturte amaierako azterketak direla-eta

Maiatzaren 3tik ekainaren 12ra ordu gehiago irekiko ditu egunero eta baita asteburuetan ere