Hasi dira obrak Okin Zuriko merkatu txikiko aparkalekuan
Gainera, abuztuaren 3tik aurrera, azoka txikia San Pelaio parkean egingo da
A-09 Zerukoa guneko eraikuntza lanak, Okin Zuriko azoka txikia egiten den lekukoak, abian dira gaurtik hasita, uztailak 10. Leziaga 1995 Construcciones enpresak obrako gunea hesiekin ixten hasi da, beraz, lanek irauten duten bitartean aparkaleku batzuk bertan behera geldituko dira.
Irailerako aurreikusita zegoen lanen hasiera, baina Ermuko Udalak uztailera aurreratu nahi izan ditu obrak gunea prestatzen joan eta, horrela, abuztu osoa ahalik eta gehien aprobetxatzeko, herrian jende gutxien egoten den hilabetea izaten baita.
Lerro hauen ostean erakusten ditugun planoetan azaltzen denez, etxebizitzak eraikiko lanak hasiko diren gunea hesitu da. Obrako kamioiak sartu ahal izateko, sarrera bat egokitu da, eta horretarako bi aparkaleku kendu behar izan dira. Gainera, espaloiaren inguruan ezin izango da aparkatu, obretako ibilgailuen sarrera-irteerak ahalbidetzeko. Barneko zatia aparkatzeko libre egongo da.
Bestalde, ostegun gauetik ostiral arratsaldera bitartean, hesiak kendu egingo dira, baina azoka txikiko saltzaileei soilik baimenduko zaie bertan aparkatzea. Gainera, datorren abuztuaren 3tik aurrera, ostirala, azoka txikia behin-behinean San Pelaio parkean egingo da.
Okin Zuriko obrek irauten duten bitarterako, azokarentzat alternatiba ezberdinak izan ditu mahai gainean Udalak. Esaterako, Orbe Kardinala plaza toki egokia izan zitekeela pentsatu zen duen kokapenagatik, baina bertan izaten diren ekimen eta ospakizun ezberdinak eta karpa eraikitzeko egingo diren lanak direla eta, atzera bota zen aukera hori.
Koexistentzia kaleak eta elizaren ingurua ere aztertu ziren azoka txikia jartzeko, baina postuak oso sakabanatuta geldituko lirateke, eta saltzaileen kamioiak aparkatzeko arazo larriak eratuko lituzke kokapen horrek.
Horrela, bada, San Pelaioko parkea izan da azoka txikia kokatzeko hautatutako lekua, Okin Zuriko obrak amaitu bitartean. Izan ere, postuak ordenatzeko toki hobea dauka San Pelaiok, eta azoka amaitu ostean gunea garbitzeko ere errazagoa izango da. Gainera, espazio segurua da, irisgarria, komun publiko bat dago bertan eta inguruko dendari eta tabernarientzat ere mesedegarria izango da.
Egun 23 saltzailek dute Ermuko azoka txikian postua jartzeko baimena, baina normalean astero 18 inguru gerturatzen dira. Saltzaileak pozik agertu dira proposatu zaien leku-aldaketarekin.
Udalak egoera ulertzea eskatzen die hiritarrei, San Pelaio gunean azoka dela eta okupatuko diren aparkalekuak direla eta. Gainera, gogorarazten du aldi baterako neurria dela, Okin Zuriko obrak amaitzen diren arte.
Bestalde, barrakek ez dute inolako aldaketarik jasango, eta ohiko lekuan kokatuko dira Santixau jaien ospakizunetarako.
Proiektua pasatu den maiatzaren 15ean azaldu zen Gai Orokorren eta Udalbatzak aztertu beharrekoen Informazio Batzordean.
Lotutako albisteak

Bihar hasi eta bi aste iraungo dute lanak: beirazko panelak aldatu, profilak garbitu eta estalkia zigilatuko da

Bi ondasunak konpontzeak 6.600 euro baino gehiagoko kostua izango du

Udalak eta Ermuko Saihesbidea herri plataformak emaitzak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute ostiral honetan