Miguel Ángel Blanco eta Sotero Mazo oroitu eta omendu ditu Ermuak
Ermuko Udalbatza osatzen duten sei alderdi politikoetako ordezkariek parte hartu dute gaur goizean ETA talde terroristak herrian utzitako bi biktimak, Sotero Mazo eta Miguel Angel Blanco, omentzeko eta oroitzeko egin den erakunde ekitaldian.
Ostiral honetan bertan, uztailak 13, 21 urte betetzen dira Miguel Angel Blanco erahil zutenetik; Sotero Mazo, aldiz, duela ia 38 urte hil zuten, 1980ko azaroaren 6an, hain zuzen.
Udalbatzak bi biktiman izan ditu gogoan San Pelaio parkeko Agustin Ibarrolaren Biktimen Monolitoaren aurrean egin den ekitaldian.
Juan Carlos Abascal alkateak hartu du hitza, eta ETAk Blanco eta Mazo hil zituen arren, “euren helburu totalitarioak” ez zituztela lortu azaldu du, ezta “herritarren duintasuna kendu” ere. Gainera, Abascalek aldarrikatu du “hiritarren mobilizazioak eta Zuzenbide Estatuak” garaitu zutela ETA alor guztietan, 1997ko uztail hartatik hasita. “Isiltasuna eta paralisia mobilizazio eta askatasun oihu bihurtu ziren”, esan du.
Hitzaldiari amaiera emateko, “elkarbizitzarekin eta demokraten batasunarekin” duen konpromisoa azpimarratu ditu alkateak, “terrorismoaren amaiera alderdien arteko politika bihurtzetik at”.
Adierazpenen ostean, agintariek, senitartekoek eta bertaratu diren pertsonek lore eskaintza egin dute monolitoaren aurrean, Miguel Angel Blancoren eta Sotero Mazoren oroimenez.
Ermuar bien omenaldi honetan alderdi politiko eta erakunde ezberdinetako hainbat ordezkari izan dira. Besteak beste, Jesus Loza Gobernuko Ordezkaria, Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendaria, Vicente Reyes Gobernuko Ordezkariordea, Idoia Mendia Euskadiko Sozialisten idazkari nagusia eta Carlos Totorika Ermuko alkate ohia bertan izan dira.
Sotero Mazoren arreba eta Miguel Angel Blancoren osaba-izebak ere ekitaldian izan dira, eta monolitoaren aurrean egin den larrosa gorrien eskaintzan lehenak izan dira.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua