‘Mintzoan kux-kux’, haurrentzako irakurketa klub berriak euskaraz
Udal liburutegiak Mintzoan kux-kux irakurketa kluben lehenengo saioa antolatu du datorren urriaren 20rako, larunbata. Hiru eta zortzi urte bitarteko umeei eta euren gurasoei zuzendutako irakurketa klub hauek Bularretik Mintzora izenburupean antolatu dira orain arte, eta duela 6 urte hasi ziren Ermuan liburutegiak eta Euskara Sailak elkarlanean antolatuta.
Ekimena bi adin tartetan banatzen da: batetik, 3 eta 5 urte artekoen irakurketa kluba, eta bestetik, 6 eta 8 urte artekoen taldea. Parte-hartzaileak hilean behin biltzen dira, larunbat batean, Lobiano Kultur Gunean: 11:0etan 3 eta 5 urte artekoak, eta 12:15etik aurrera, 6 eta 8 urte artekoak. Saioak euskara hutsean izaten dira, beraz, parte hartzen duten umeek nahiz eurekin doazen helduek (aita, ama, amona, aitona…) euskara ulertu eta hizkuntza horretan hitz egiten jakin beharko dute.
Guztira 6 saio burutuko dira urritik apirilera bitartean, eta data zehatzak honakoak dira: urriak 20, azaroak 17, abenduak 1, otsailak 16, martxoak 30 eta apirilak 13.
Saioetako dinamizatzailea Galtzagorri Elkarteko Lur Korta izango da. Saio bakoitzean “liburu izarrak” aurkeztuko dira, eta horiei buruzko proposamenak egingo dira talde txikietan. Gainera, haurrek eta euren gurasoek euren “liburu maiteak” aurkeztu ahal izango dituzte.
Ekintza doakoa da, baina plazak mugatuak direnez, izena eman beharko da urriaren 11 baino lehen aurrez aurre liburutegian, 943 17 92 12 telefono zenbakian edota biblioteca@udalermua.net helbide elektronikoan, honako datuak zehaztuz: umearen izen-abizenak, liburutegiko bazkide-txartelaren zenbakia, jaiotze data eta ama edo aitaren telefono zenbakia eta helbide elektronikoa.
Toki baino eskaera gehiago izatekotan, lekuak zozketa bidez esleituko dira eta lehentasuna izango dute Ermuan erroldatutako pertsonek eta aurreko ikasturtean parte hartu ez zutenek.
Onartutakoen zerrenda liburutegiaren mikrositean argitaratuko da urriaren 17an, asteazkena.
Lotutako albisteak

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean

Datorren larunbatean, 18:00etan, Martxoak 8 plazan. Euria eginez gero, elizako arkupeetan.

Larunbat honetan izango da, 17:30etik aurrera, Lobiano Kultur Gunean