Partaidetza arrakastatsuarekin amaitu da Gazte Robotikaren bigarren edizioa Izarra Centren

24.09.18
Ekonomi Sustapena

Gazte Robotika Euskadiko Hezkuntza Robotika Txapelketaren II. edizioa lehiatu da pasatu den larunbat honetan Ermuan. Izarra Centre izan da txapelketaren eszenatokia, eta ehundik gora parte-hartzaile, guraso, senide eta inguruetako bizilagun erakarri ditu ekimenak.

Txapelketa bi kategoriatan banatuta egon da: 1 vs 1 Game eta Kolore Kolore. 8 eta 16 urte arteko partaideak eraikineko 5. eta 11. solairuetan lehiatu dira, euren abilezia erakutsi eta garaipena lortzeko. Horrela, atal bakoitzeko hiru talderik onenek sariak jaso dituzte, eta honakoak izan dira:

  • 1 vs 1 Game kategoria:
    • Lehen saria: Ermutante (Ermua), Martxel Carrascosa eta Nadim Gomez.
    • Bigarren saria: Donald Trump (Eibar), Aimar Garcia, Julen Sanz eta Aimar Gallego.
    • Hirugarren saria: Flippipandi (Deba), Ubong Urkiola eta Mikel Franco.
  • Kolore Kolore kategoria:
    • Lehen saria: Krakak (Mutriku), Aimar Alvarez eta Ainere Ibarrola.
    • Bigarren saria: Ioju (Deba), Iban Arrizabalaga, Jon Anuntzibai eta Ibai Perez.
    • Hirugarren saria: Gilberto (Eibar), Gorka Vila, Aitor Larramendi eta Iñaki Iglesias.

Antolatzaile eta babesleek banatu dituzte garaikurrak; bertan izan dira, Juan Carlos Abascal Ermuko alkatearekin batera, Cristina Zumeta (Debegesa), Oskar Alberdi (Grupo SPRI), Mikel Larrañaga eta Virginia Arakistain (SD Eibar), Gaspar Guembe (CaixaBank) eta Itxasne Iturriagagoitia (Laboral Kutxa).

Bertaratze eta partaidetza arrakastatsua

Gazte Robotikak helburu guztiak bete ditu Ermuan, robotika eta programazioa gaztetxoengana gerturatzea lortu baita modu dibertigarri eta entretenigarrian. Hezkuntza ekimen honek, gainera, Debabarrenako gazteen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikekiko interesa piztea izan du xede, STEAM deitzen diren gaitasunetan, alegia.

Lehiaketa guneaz gain, Izarra Centreko laugarren solairuan teknologia berriak lantzen dituzten enpresen erakusketa izan da, ekoizpen gehigarria, elkarlaneko robotika eta programazioa lantzen dutenak, esaterako. Horrekin batera, etxeko txiki eta ez hain txikientzat jolas dibertigarriak antolatu dira. Hezkuntza zentroetako irakasleak, haurrak eta familiak izan dira bertan teknologia berriak ikusi eta erabiltzeko; 4.0 Industria famatua hiritar guztientzat eskuragarri izan da, eta tailer entretenigarrietan parte hartzeko aukera izan dute guztiek.

Bestalde, Ermua IS-TEAM ekimenaren barne Epicollect 5 proiektua garatu da, eta horri esker, “zientzia herrikoia” egiteko aukera izan da 50 partaide baino gehiagorekin. Pertsona horiek datu bilketa dibertigarri batean parte hartu dute, eta horren emaitzak azaroaren 2an eta 3an azalduko dira Orbe Kardinala plazan.

Lotutako albisteak

Imagen
28.04.25
Langile kopurua gehitu nahi baduzu edo lan bila bazabiltza...hemen duzu aukera

Enplegu-agentzia da irtenbidea; doako bitartekaritza-zerbitzua da, zeina hobetu egin duen
Imagen
04.04.25
HAZILAN +, laneratzeko programa

Kualifikaturik dauden pertsonentzako programa, enplegurako bi ibilbide dituena
Imagen
03.04.25
Ermuko TalenTIC 2025 jardunaldien egitaraua ixtear

Jardunaldiak ekainaren 11n eta 12an egingo dira Izarra Centren