‘Superlopez’ eta ‘Ralph Rompe Internet’, asteburu honetan Ermua Antzokian

18.12.18
Ermua Antzokia

El Grinch 3D haurrentzako filma urtarrilera atzeratu da, eta horren ordez Animales Fantásticos 2 3D eskainiko da datorren astean

Datozen bi astelehenetan, abenduak 24 eta 31, ez da emisiorik egongo

Ermua Antzokiak zine aste berri bati ekingo dio ostegun honetan, ohikoa den moduan, zineklub saioaren eskutik. Aste honetan El silencio de otros dokumentala izango dugu ikusgai, Almudena Carracedok eta Robert Bahartek zuzendua. Frankismoaren biktimen senideek eta erregimenetik bizirik atera diren azkenekoek egiaren, justiziaren eta konponbidearen alde duten borroka erakusten du zinta honek. Dokumental onenaren Goya saria eskuratzeko izendatuta dago, eta Berlingo Zine Jaialdian ikusleen saria lortu du. El silencio de otros ostegun honetan 20:30ean emitituko da.

Zine komertziala larunbat honetan hasiko da, 19:30ean, Mi obra maestra film argentinarrarekin. Gaston Duprat zuzendariaren tragikomedia berriak Guillermo Francella, Luis Brandoni eta Raul Arevalo ditu protagonista. Arturo lotsarik gabeko arte-merkataria da, eta Renzo margolaria ez dago momenturik onenean. Oso desberdinak izan arren, oso lagunak dira biak. Horrela, Arturok plan aldrebes bat antolatu du Renzoren ibilbide artistikoa berriro indartzeko. Mi obra maestra film dibertigarria, satirikoa eta entretenigarria da, eta larunbatean 19:30ean eta igandean 22:00etan izango dugu ikusgai. Aste honetan astelehenean ez da emisiorik egongo, abenduaren 24a jaiegun berezia baita.

Asteburuko beste film komertziala Superlopez komedia espainiarra izango da, Javier Ruiz Calderak zuzendua eta Dani Rovira, Alexandra Jimenez eta Maribel Verdu protagonista dituena. Espainiako errealitatearen parodia dibertigarri eta entretenigarria da, eta herrialdeko kaskarkeriaren eta zinismoaren hausnarketa egiten du modu arinean. Juan Lopezen bizitza ez da erraza izan: hegan egitea, adimenak irakurtzea, superikusmena izatea edo metroaren bagoia gelditzea bidetik atera ez dadin… eta jarraian normaltasunez bulegora itzultzea ez da batere erraza. Baina bere bizitzan Luisa agertuko da berriro, institutu garaiko bere amodioa, eta lortu duen guztia hankaz gora jarriko du. Superlopez larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean emitituko da.

Igandeko haurrentzako saioari dagokionez, 17:00etan Ralph rompe Internet 3D animazio filma eskainiko da. Pelikula dibertigarri hau ikusle gehien erakarri dituzten zinten zerrendako lehenengo postuan dago, eta animaziozko film onenaren Oscar sarietan garaile izan daitekeela uste dute askok. Rompe Ralph pelikulan gertatutakoa eta sei urte geroago, horma suntsitzailea Vanellope von Schweetz lagunarekin batera bideojokoen mundutik atera eta unibertso berri zabal eta eder bat ikertzera joango da: Internet. Euren sareko abenturetan ahal duten guztia egingo dute Vanelloperen Sugar Rush bideojokoa salbatzeko behar duten pieza lortzeko. Disney unibertsoari keinu ugari egiten dizkio film honek, eta estudio horretako pertsonaiarik ezagunenetakoak ageri dira bertan: Disney printzesak, Marveleko superheroiak eta Star Warseko soldaduak.

Abenduko haurren programazioari dagokionez, hileko azken iganderako aurreikusita zegoen El Grinch 3D filmaren proiekzioa atzeratu egin behar izan du Ermua Antzokiak. Urtarrilaren 13an emitituko da azkenean. Haren ordez, abenduaren 30ean J.K. Rowlingen gidoian oinarritutako Animales Fantasticos 2: Los crímenes de Grindelwald 3D eskainiko da. Aldaketa honek eragin ditzakeen kalteak barkatzeko eskatzen dugu.

Informazio gehiago behar izanez gero, jo ezazu Ermua Antzokiaren mikrositera.

Lotutako albisteak

Imagen
07.05.25
Korrontzi eta Alboka Musika Eskolako Bandaren kontzertua

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro
Imagen
06.05.25
"Sorda" eta "Confidencial", asteko zine egitarauko protagonistak

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan
Imagen
29.04.25
Antzokiak maiatzeko programazioari ekingo, zineari irailera arte agur esango dioen hilabetea

Aste honetan "La chica de las Aguja", "Por todo lo alto", "Un funeral de locos" eta "La Luz de Aisha" proiektatuko ditu