Robert Redforden azken lana, Ermua Antzokiko zine programazioko protagonista

12.02.19
Ermua Antzokia

Ia erdira iritsi da jada otsaila, eta hilabete labur honetako hirugarren zine astea hasiko da ostegun honetan Ermua Antzokian. Ohiko zineklub saioan Razzia film marokoarra izango dugu aste honetan. Nabil Ayouchek zuzendutako lana Casablanca hirian kokatzen da, Marokon: zirraragarria eta gogorra, erakargarria baina gupidagabea. Egiaren bila doazen lau pertsona, pasioz beteriko irakasle bat Atlas mendietan isiltasunean gelditu eta hogeita hamar urte geroago. Apurtutako ametsen oihartzunaren bitartez, lau pertsonaien desilusioak hiriari su emango dioten txinpartak izango dira. Razzia 20:30ean hasiko da ostegun honetan, jatorrizko bertsioan azpitituluekin.

Zine komertziala larunbatean hasiko da, 19:30ean, Juliet desnuda filmaren lehenengo emisioarekin. Jesse Peretzek zuzendutako amodiozko komedia honek Rose Byrne, Chris O’Dowd eta Ethan Hawke aktoreak ditu protagonista. Annie eta Duncan berrogei urte betetzetik hurbil daude, eta hamabost urte daramatzate elkarrekin. Lasai bizi dira biak, baina Annie urduritu egiten da pasiorik izan gabe denbora pasatzen dela ikustean. Duncan, aldiz, Tucker Crowe musikari amerikarrari begira bizi da, Juliet disko arrakastatsua argitaratu ostean desagertu zena. Annie, Duncan eta Tuckerren bideak gurutzatzen hasten direnean, ordea, bizitzak ustekabeko sorpresak ematen dituela eta guztia aldatu egin daitekeela ikusiko dute. Juliet desnuda larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean eskainiko da.

Asteko bigarren film komertziala The old man & the gun izango da, Robert Redford aktore ospetsuaren agurreko pelikula. David Loweryk zuzendutako lanak benetako istorio bat kontatzen du, Forrest Tucker banketxeetako lapurrarena, hain zuzen. Bere bizitzako denbora gehiena espetxean edo bertatik ihes egin nahian igaro zuen: 18 aldiz alde egin zuen kartzelatik, eta bere azkeneko lapurreta 2000. urtean burutu zuen, 80 urte zituela. Sissy Spacek, Casey Affleck eta Danny Glover aktoreak izango ditu alboan Redford protagonistak, pantaila handira egingo duen azken jauzi honetan. Filma larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean izango dugu ikusgai.

Azkenik, haurrentzako programazioaren barne, La gran aventura de Los Lunnis y el libro mágico filma emitituko da Antzokian. Irudimena eta Fantasiazko Mundua arriskuan daude. Aitonak gauero irakurtzen dizkion liburuei esker, ipuin eta kondairetan aditua da Mar, 8 urteko neskatoa. Bere lagun Lunniekin batera, Irudimena eta Fantasia salbatzen saiatuko da, desagertu ez daitezen. Crudo gaiztoak, ordea, fantasia gorroto du irudimenik ez duelako, eta Gizadiak asmatutako istorio guztiak batzen dituen Liburu Magikoa suntsitzea nahi du, Lucreciak babesten duen liburua, hain zuzen. Lunniek eta Marrek, euren helburua betetzeko, Liburuan sartu beharko dute Crudo eta bere laguntzaile Alfred garaitzeko, ipuin ezagunenen artean. Abentura horretan, ipuinetako pertsonaiekin topo egingo dute, besteak beste, Merlin, Pinotxo, Alizia, Ozeko Magoa, Hamelingo Txirularia, Perez sagutxoa… Bidaia igande honetan 17:00etan hasiko da.

Informazio gehiagorako, kontsulta ezazu Ermua Antzokiaren mikrositea.

Lotutako albisteak

Imagen
13.05.25
‘Los pecadores’ eta ‘Muy lejos’ filmak Ermua Antzokiaren asteko zine proposamenak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude
Imagen
07.05.25
Korrontzi eta Alboka Musika Eskolako Bandaren kontzertua

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro
Imagen
06.05.25
"Sorda" eta "Confidencial", asteko zine egitarauko protagonistak

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan