‘Lyceum Club’ antzezlana, asteazkenean ikusgai Ermua Antzokian
La Dramática Errante konpainiak Lyceum Club antzezlana prestatu du, Ane Pikaza, Nagore Gonzalez, Olatz Ganboa eta Getari Etxegarai aktoreak protagonista dituena.
Espainiako gerra zibila hasi ondoren lau emakumek atzerritik idatziko dute. Herri-mina dute, eta Lyceum Club-a, Espainiako lehenengo klub feminista, nola sortu zuten elkarrekin gogoratuko dute. Talde horrek emakumeen interesak defendatu zituen, eta euren garapen kulturala, profesionala eta hezkuntza alorrekoa bultzatu zuen.
Lyceum Club Espainian, kulturaz eta ausardiaz, feminismoaren oinarriak ezarri zituzten emakume haientzako omenaldi xumea bat da. María Goiricelayak idatzi eta zuzendu du lan hau talde aitzindari honen eragile izan ziren María de Maeztu, Zenobia Camprubí, Carmen Baroja eta Pilar de Zubiaurre emakumeen irudia gogoratuz.
60 minutuko iraupena du antzezlanak, eta asteazken honetan, martxoak 13, izango da ikusgai Ermua Antzokian. Lyceum Club 20:30ean hasiko da eta sarrerak salgai daude 10 euroren truke Lobiano Kultur Gunean, Kutxabanken webgunean eta, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik, Antzokiko leihatilan.
Lotutako albisteak
Antzezpena ostialean, 20:30etan, Mikel Losada aktore ermuarraren partaidetzarekin
‘Aro berria' zineklubean eta ‘Abuela tremenda' haurrentzat, programazioaren beste proposamenak
Ez dago sarrerarik eskuragarri, guztiak saldu direlako