Ermuko Udaltzaingoa, nortasun agirien egiaztatze adituetan aitzindaria
Milaka identifikazio dokumentu ezberdin daude mundu osoan zehar, eta Ermuan herrialde ugaritako NANak, pasaporteak eta gidabaimenak dituzten pertsonak bizi eta igarotzen dira. Hori horrela, ezinezkoa da dokumentu bakoitzaren segurtasun neurriak ezagutzea, eta benetakoak diren edo ez egiaztatzea ez da batere lan erraza.
Hori guztia dela eta, Ermuko Udaltzaingoa FOXid erabiltzen hasi da. Tresna digital horrek nortasun agirien, pasaporteen eta gidabaimenen egiaztatze aditua burutzen du. Mota horretako erreminta erabiltzen duen Euskadiko lehenengo udala da Ermua.
Sistema horri esker, Ermuko udaltzainek mundu osoko NANak, pasaporteak, bizileku-txartelak, gidabaimenak eta lan baimenak egiaztatu ditzakete segundo gutxitan. FOXid aplikazioaren bitartez dokumentuaren argazkiak bidali besterik ez da egin behar, eta tresna digitalak egiazkoa den ala ez ziurtatzen du.
Dokumenturen batek zalantzak sortuz gero, bigarren azterketa bat egin daiteke, aditu baten laguntzarekin, eta minutu batean jasoko litzateke erantzuna.
Muturreko kasuetarako, hirugarren egiaztatze prozesu bat ere badago. Azken balizko egoera horretan, udaltzainek bi aukera dituzte: batetik, dokumentuaren argazkiak FOXid tresnako pertsona adituei bidaltzea, horiek azterketa egin eta gehienez ere 15 minutuan egiaztatze txostena jaulkitzeko; edo bestetik, adituei zuzenean telefonoz deitzea, unean bertan dokumentua egiazkoa edo faltsua den frogatu dezaten.
Aplikazioak eskaintzen dituen emaitzek bermea dute, edozein polizia jardunbidetarako.
Tresna horri esker, delituen prebentzioan eraginkortasuna areagotu dezake Ermuko Udaltzaingoak, munduko edozein dokumentu egiazkoa ote den aztertu baitezake momentu batean eta %99,9ko fidagarritasunarekin.
Aplikazioa martxoaren 12ko Informazio Batzordean aurkeztu zen. Azalpen-bideoa lerro hauen ostean ikus dezakezue (5. puntua, 01:16:11).
1.100 dokumentutik gorako datu-basea
FOXid da egun dokumentuen egiazkotasuna momentuan bertan bermatu dezakeen tresna bakarra. 200 herrialde eta erakunde baino gehiagoko pasaporteen, gidabaimenen, identifikazio txartelen eta bizileku-baimenen datu-basea du aplikazioak: mundu osoko 1.100 dokumentu baino gehiago guztira.
Erreminta digital honek 400 dokumentu baino gehiago ditu eskuragarri pertsonalizatutako egiaztapenekin. Horrela, faltsifikazioak detektatzeko gidak eskaintzen ditu 2.400 irudi baino gehiagorekin, non konparaketak, argazkiak, hologramak, erliebeak eta filigranak topa daitezkeen.
Lotutako albisteak

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko

Bide arrisku eta ezbeharrei buruzko sentsibilizazio programak datorren astelehenean Ermura etorriko

Euriteek mozketak eragin dituzte kableetan, eta horrek kalteak sortu ditu seinaleetan