‘El gordo y el flaco’ eta ‘Mula’ filmekin amaituko da apirileko programazioa

23.04.19
Ermua Antzokia

Aste honetan amaituko da Ermua Antzokiko apirileko zine programazioa. Azkeneko saioak ostegun honetan hasiko dira, apirilak 25, ohiko zineklub emisioarekin. Oraingoan La caída del imperio americano filma izango dugu ikusgai 20:30etik aurrera. Denys Arcand zuzendariaren komedia dramatiko kanadarra dugu, Alexandre Landry eta Maripier Morin aktoreak protagonista dituena. Pierre-Paul, 36 urteko intelektuala eta Filosofian doktorea, banatzaile moduan lanean hasiko da ganorazko soldata lortu ahal izateko. Egun batean, pakete bat banatzera doan bitartean, armatutako lapurreta baten aurrean aurkituko da, eta bertan bi pertsona hilko dira. Diruz betetako bi kirol-poltsa daude bertan, eta dilema horri aurre egin beharko dio Pierre-Paulek: esku hutsik alde egin bertatik, edo dirua hartu eta ihes egin. Pelikula jatorrizko bertsioan eskainiko da, azpitituluekin.

Zine komertzialaren programazioa larunbatean hasiko da, 19:30ean, El gordo y el flaco filmaren lehenengo emisioarekin. John S. Bairdek zuzendutako lanean, John C. Reilly eta Steve Coogan aktoreak Stan eta Ollie dira, gazteleraz “El gordo y el flaco” gisa ezagutzen den bikote famatuko kideak. Euren urrezko aroa jada pasatu denez, agurreko bira egiten hasiko dira Stan eta Ollie. Lucille eta Ida euren emazteen laguntzari esker, Erresuma Batuko aretoetako ikus-entzuleak gustura utziko dituzte, mundua ulertzeko eta interpretatzeko duten modu bereziarekin. “Biopic” honek bi pertsonaien izaeran sakonduko du, baita umorearen munduko mito izatera eraman zituzten egoera pertsonaletan ere. El gordo y el flaco igandean 22:00etan eta astelehenean 19:30ean ere emitituko da.

Asteko bigarren film komertziala Clint Eastwood zuzendari eta aktore nekaezinaren azken lana izango da: Mula. Bradley Cooper, Dianne Wiest, Michael Peña eta Laurence Fishburne aktoreek osatzen dute drama honetako luxuzko zerrenda. Earl Stone porrot eginda eta bakarrik dagoen laurogei urteko agurea da, eta bere negozioaren hipotekaren exekuzioari aurre egin beharko dio. Egoera zail horretan, itxuran erraza den lana topatuko du: gidatzea besterik ez da. Berak jakin gabe, ordea, Mexikoko kartel batentzat drogak pasatzen hasiko da, eta DEAko Colin Bates agentea gainean izango du. Mula larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean eskainiko da.

Haurrentzako programazioari dagokionez, igandean 17:00etan Capitana Marvel emitituko da, Anna Boden eta Ryan Fleckek zuzenduta eta Brie Larson, Samuel L. Jackson eta Jude Law protagonista dituena. Carol Danvers unibertsoko heroirik indartsuenetako bat nola bihurtzen den erakusten du filmak, Lurra bi arraza estralurtarren arteko gudaren erdian dagoen bitartean. 90. hamarkadan kokatzen da Capitana Marvel, eta Marvelen Film Unibertsoan orain arte ikusi gabeko denbora-tartea erakusten digu.

Informazio gehiagorako, ikus ezazu Ermua Antzokiaren mikrositea.

Lotutako albisteak

Imagen
13.05.25
‘Los pecadores’ eta ‘Muy lejos’ filmak Ermua Antzokiaren asteko zine proposamenak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude
Imagen
07.05.25
Korrontzi eta Alboka Musika Eskolako Bandaren kontzertua

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro
Imagen
06.05.25
"Sorda" eta "Confidencial", asteko zine egitarauko protagonistak

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan