'Durante la tormenta' eta 'Taxi a Gibraltar' filmekin hasiko da maiatzeko zine programazioa
Zinez betetako aste berriari ekiteko prest da Ermua Antzokia, eta aste honetan hasiko den maiatzeko programazioa, gainera, udako atsedenaldiaren aurretik izango dugun azkenengoa izango da. 18 pelikulak osatzen dute egitaraua, eta ekainaren 6an amaituko da. Hilero bezala, oraingoan ere eskuratu daiteke zineklubeko eta zine komertzialeko pelikulak ikusteko bonoa, filmeko 1,3 euroren truke. Maiatzeko bonoak 16,90 euroko salneurria du, eta Ermua Antzokiko leihatilan eta Lobiano Kultur Gunean erosi daiteke.
Programazioa ostegun honetan hasiko da, maiatzak 2, zineklub saioaren eskutik. Bertan, Pernille Fischer Christensen zuzendariaren Conociendo a Astrid film suediar-danimarkarra eskainiko da. Pipi Kaltzaluze pertsonaia ezaguna sortu zuen Astrid Lindgren idazle suediarraren bizitza erakusten du pelikulak, Vimmerby herrixkako hastapenetatik hasita. Tokiko egunkari bateko erredakziotik boluntario gisa joan zen Lindgren, urte batzuk geroago Estokolmora joan zen bizitzera, eta han takigrafia ikasten hasi eta ama ezkongabe izan zen 18 urterekin. Mundu osoan ezagun izan zen idazlearen eta gure garaiko emakumerik inspiratzaileenetako baten historia da, garaiko baldintzei eta hezkuntza erlijiosoari aurre egin, gizartearen arauak apurtu eta bere bihotzari soilik kasu egin ziona. Conociendo a Astrid ostegunean 20:30ean eskainiko da jatorrizko bertsioan azpitituluekin.
Zine komertziala larunbatean hasiko da 19:30ean Durante la tormenta filmaren lehenengo emisioarekin. Oriol Paulok zuzendutako lanak Adriana Ugarte, Chino Darin eta Alvaro Morte ditu protagonista. Bi aldi ezberdinen arteko interferentzia misteriotsu baten ondorioz, Vera ama ezkonduak 25 urte aurrerago bere etxean bizi zen haur baten bizitza salbatuko du. Bere ekimen zintzoak bata bestearen segidako eraginak izango ditu, eta errealitate berri batean esnatuko da; bertan, baina, bere alaba ez da sekula jaio… Durante la tormenta igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean ere eskainiko da.
Asteko bigarren film komertziala Alejo Flah zuzendariaren Taxi a Gibraltar mugarik gabeko komedia dibertigarria izango da. Dani Rovira, Ingrid Garcia-Jonsson eta Joaquin Furriel ditu protagonista pelikulak, eta hiru pertsona aurkezten dizkigu: Leon Lafuente taxi gidari espainiarra, beti haserre, zorrez gainezka, gauzak bizkor aldatzen direlako kaltetuta eta taxia, auzoa, mundua eta haurdun duen emaztea buruan dituela bizi dena; Diego Manfredi, atsegin bezain gezurtia, eder bezain iruzurtia, kartzelatik atera berria dena baina inor bila joan ez zaiona. Espetxean igarotako urteetan familiarik eta etorkizunik gabe eta zor ugarirekin gelditu da; eta Sandra Sanchez, asper-asper eginda bizi den gaztea, olibondo artean bizitza erdia igaro duen herritik ihesi, ezkondutako lagunengandik eta bikotekidearengandik ihesi. Hiru galtzaile horiek bidaia dibertigarri bati egingo diote Iberiar Penintsultako gune arraro eta ezezagun batera, bertako tuneletan galdutako urre kargamendua bilatzeko asmotan. Helmuga: Gibraltar. Taxi a Gibraltar larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean emitituko da.
Azkenik, igandeko haurrentzako zine emanaldian, 17:00etan Wheely: ¡Atrápalo si puedes! animaziozko filma izango da ikusgai. Wheely taxi hori bat da, lasterkari azkar eta dibertigarria, eta Gasket City bere jaioterriko errepideetako errege izatea lortu nahi du. Lasterketa batean, Wheelyk Bella di Monetti luxuzko auto ezagunarekin egingo du topo, eta maitemindu egingo da. Egoera zaildu egingo da, ordea, Wheelyk eta Putt Putt bere lagunik onenak borroka gogor batean parte hartu beharko baitute Bella Kaiserren eskuetatik salbatzeko. Kaiser 18 gurpileko kamioi beldurgarria da, luxuzko autoen sindikatu misteriotsu bateko burua.
Informazio gehiagorako, kontsulta ezazu Ermua Antzokiaren mikrositea.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan