‘La espia roja’ eta ‘Cementerio de animales’, asteburu honetan Ermua Antzokian

07.05.19
Ermua Antzokia

Zine aste berria hastear da Ermua Antzokian, eta ikusle guztientzako lau pelikula izango ditugu ikusgai. Programazioa osteguneko zineklub saioarekin hasiko da, maiatzaren 9an, eta Dobles vidas zinta frantziarra eskainiko da bertan. Komedia dramatiko honetan Alain, Parisko editore arrakastatsua, eta Leonard bere betidaniko autorea izango ditugu pantailan. Horiei kosta egingo zaie egungo mundu digitala onartzea… baita adinean aurrera egin ahala jasango duten krisialdia ere. Leonarden idatzi berriaren inguruan eztabaidatzeko gelditzen direnean, atzera gelditzen ari dela eta zalantzak dituela adierazi beharko dio Alainek, modu egoki eta dotorean. Horren emazte Selenak, ordea, Leonardek maisulana idatzi duela uste du. Dobles vidas ostegunean 20:30ean izango da ikusgai, jatorrizko bertsioan azpitituluekin.

Zine komertziala larunbatean 19:30ean hasiko da La espia roja filmaren lehenengo emisioarekin. Trevor Nunn zuzendariaren thriller biografiko honek Sophie Cookson, Judi Dench eta Tom Hughes ditu protagonista. Joan Stanley sekula susmagarri izan ez den adineko emakume adeitsua da, baina 2000. urteko goiz batean, MI5eko agente batzuek atxilotu egingo dute Errusia komunistari informazioa eman izana leporatuta. KGBren espioitza kasu garrantzitsuenetakoa ezagutu da, eta Joan da susmagarrietako bat. Galdeketan, Joanek 1938. urtea izango du gogoan; orduan Fisika ikasketak egiten ari zen Cambridgeko unibertsitatean, eta komunista gazte batekin maitemindu zen. Hark egoera zailean jarri zuen II. Mundu Gerran: bere herrialdea traizionatu edo mundua hondamendi nuklearretik salbatu. Pelikula Melita Norwooden bizitzan oinarritzen da, KGBren zerbitzupean denbora gehien egon zen espia britainiarra, hain zuzen. La espia roja igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean ere eskainiko da.

Asteko bigarren pelikula komertziala Cementerio de animales izango da, Stephen Kingek idatzitako izen bereko beldurrezko nobelaren egokitzapena. Dennis Widmyer eta Kevin Kolsch zuzendarien lanak Jason Clarke, John Lithgow eta Amy Seimetz aktoreak ditu protagonista. Louis Creed doktorea Rachel emaztearekin eta bi seme-alaba txikiekin etxez aldatuko da, Bostonetik Maineko herri txiki batera. Etxe berritik gertu, lursail misteriotsu bat aurkituko dute, zuhaitzen artean ezkutatua. Ezbeharrak gertatzen direnean, Louisek Jud Crandall bizilagun berriarekin hitz egingo du, eta horrek ondorio beldurgarriak izango dituen hainbat gertaera eragingo ditu. Cementerio de animales larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean izango da ikusgai.

Igandeko haurrentzako saioari dagokionez, 17:00etan El parque magico 3D filma eskainiko da. June sormen handiko neskatoa da, eta dibertsioz jositako parkea aurkituko du, hitz egiten duten animalia eta guzti. Hasieran parkea abandonatuta utzi zutela uste duen arren, bere irudimenetik datorrela ohartuko da, eta mehatxu handi batetik salbatu ahalko duen bakarra bera izango da.

Informazio gehiagorako, ikus ezazu Ermua Antzokiaren mikrositea.

Lotutako albisteak

Imagen
02.12.25
Ermua Antzokiak aurtengo lau estreinaldi eskainiko ditu

Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Imagen
01.12.25
Ermua Antzokiak eta Lobianok 19 ikuskizun eskainiko dituzte datorren urtarriletik maiatzera bitartean

Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
Imagen
26.11.25
‘Tanttaka'k bizitzaren zailtasunen inguruko endredozko komedia aurkeztuko Antzokian

‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?', antzelana, ostiralean 20:30ean