San Antonioko aparkalekua, zabaltzeko prest
Ordu batzuk baino ez dira falta Ermuan aparkatzeko 85 plaza gehiago izateko. San Antonioko parkinga asfaltatzen eta pintatzen dihardute langileek gaur, eta aurreikuspenak betetzen badira, asteazken honetatik aurrera zabalik eta erabilgarri izango da.
Eraikuntza lanen gune edo zati izan den aparkalekua –zubi bidearen oina edo euskarri egiteko nahiz makineria utzi edo materiala pilatzeko- libre dago ia osorik. Pintaketa lanak amaitzea baino ez da falta, eta berriro ere herritarrentzat erabilgarri egongo da.
Trenaren obren amaiera
Herrian tren geltoki berria eraikitzeko, burdin bidea bikoizteko eta ibilbidea desbideratu eta Izpilla mendi azpitik bideratzeko obrak bukatzear daude. Lan konplexu hori gauzatu duen Aldi baterako Enpresa Elkarteak (ABEEk) buru-belarri dabil urbanizazioaren azken erremateak bukatzeko lanetan, proiektuari amaiera emateko xedez. Langileek Bizkaia nahiz Gipuzkoa Etorbidean lanean daude erremate lanak amaitzeko asmoz, zubi bidearen azpian, plazatxoarekin bat eginen duen zonaldean eta Izelaieta kalearekin lotura irisgarria ahalbidetzen duen maldetan, lurzoruko baldosak ipiniz. Hormako azuleju-estaldura ia osorik bukatua dago.
Hil honetan bukaera emango diogu tren geltoki berri modernoa, irisgarria eta burdinbide bikoitzeko azpiegitura handia izateko lanei, zeinari esker Durangora nahiz Bilbora joateko bidaia arindu egingo den. Beste hainbat onura ahantzi gabe, trenbide berria ez baita Bizkaia eta Gipuzkoa Etorbideko etxebizitzen ondotik joango, horrek sortzen zuen zarata ekidinez. Proiektu honetan 21 milioi euro erabili izan dira, Eusko Jaurlaritzaren Garraio sailak ordaindu dituenak.
Lotutako albisteak

Bihar hasi eta bi aste iraungo dute lanak: beirazko panelak aldatu, profilak garbitu eta estalkia zigilatuko da

Bi ondasunak konpontzeak 6.600 euro baino gehiagoko kostua izango du

Udalak eta Ermuko Saihesbidea herri plataformak emaitzak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute ostiral honetan