Hauteskunde kolegioak zabalik daude eta hasi gara bozkatzen
Herriko hauteskunde-kolegioak zabalik daude eta ermuarrak bozkatzen hasi gara. Ermuan eraturiko hemeretzi hauteskunde-mahaiak lanean daude eta hautesleak jasotzen ari dira, nahiz eta oraindik bertaratutakoen kopurua txikia izan. Gaur igandea denez, betebehar edo zereginik izan ez duten askok ez dira bozkatzeko goiz altxatu. Nolanahi ere, betiko moduan goiztiar bakan batzuk izan dira ateak ireki eta berehala agertu direnak.
12.658 pertsonak bozkatu dezakegu gaur Ermuan, azken Udal-hauteskunde deialdian baino gutxiagok
Ermuan hamazortzi urtetik gorako 12.658 pertsonak bozkatu ahal izango dugu gaur, hautesle-erroldan jasotzen den datuaren arabera. Orain lau urte egindako hauteskunde berberetan bozkatu ahal izan genuenak baino gutxiago, orduan kopurua 12.971 baitzen. Hortaz, 2011n baino 313 pertsona gutxiago dugu gaurkoan bozka emateko gure herrian. Gorabehera horren arrazoia bizitzeko herria aldatu izana edo heriotza izan daiteke.
Ermuarrok Udal Hauteskundeetarako sei alderdi eta hautesle-zerrenda ditugu aukeran. Bozka emateko papera kolore zuria du. Aldiz, Bizkaiko Batzar Nagusietarako aukera ditzakegun siglak, beste horrenbeste alderdiri dagozkienak, zortzi dira eta bozka emateko papera laranja kolorekoa da. Azkenik, Europako Parlamenturako 32 zerrenda ditugu aukeran, kolore urdineko paperetan.
Ertzaintza eta Udaltzaingoa elkarlanean arduratzen ari dira herriko segurtasunaz
Hauteskunde-kolegio egoitza guztietan agenteak daude, pertsonen segurtasuna bermatzeko eta hauteskunde eguna normaltasunez gauzatzen dela ziurtatzeko. Dispositiboa Eusko Jaurlaritzako Barne sailak diseinatu eta koordinatu du. Gurean, dispositibo horren barne eta elkarlanean ari dira Ertzaintza eta Udaltzaingoa.
Abiapuntu zabalik: hautesle-erroldaren eta kolegioen inguruko kontsultak atenditzeko
Hauteskunde egun guztietan, herritarrak herriko Hautesle-erroldan dauden edo ez eta bozkatzea non dagokien galdezka ibili ohi da. Horri konponbidea emateko, herritarren kontsultak Abiapuntun zuzenean jaso eta erantzungo dira gaurkoan. Inork kolegiora joan eta bozkatu ezin badu erroldan inskribatua ez egoteagatik, Abiapuntura jo dezake akatsa edo omisioa den argitzera.
Kontsulta egin eta erantzuna baiezkoa den kasuetan, hautesleari Berariazko Errolda Zertifikazioa luzatuko eta zein kolegio eta mahai dagokion adieraziko diote. Berariazko Errolda Zertifikazioa Hauteskunde-erroldan inskripzioa lortzeko ezohiko bidea ez ezik, hauteskunde-mahaiaren aurrean probatzeko medioa dela dio Hauteskunde Batzorde Zentralak behin eta berriz bere idatzi-agirietan.
Kontsulta horiek udaletxera bertara etorriz edo baita 943 17 91 42 telefono zenbakira deituz ere egin ahal izango dira. Kasu honetan lankideek deitzen duen pertsonari galdera pertsonal eta zehatzak egingo dizkiote deia egiten duena benetan dioen pertsona dela egiaztatze aldera. Abiapuntu bulegoaren ordutegia ondokoa da, goizez 9:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 20:00etara bitartean.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua