Hiru hauteskunde batera ditugun egun honetan, 22 hauteskunde-mahai ditugu Ermuan
Udal, Foru eta Europako Parlamentuaren hauteskundeetarako egun honetan hogeita bi hauteskunde-mahai osatu dira Ermuan. Horien osaketak izan dituen ezaugarriak azkartasuna eta normaltasuna izan dira. Goizeko zortzi pasa ondoren -hainbat minututara -administrazioko ordezkari guztiek presidente eta bokalak izendatu eta mahaiak eraturik zituztela adierazteko deitu dute. Gaurkoan mahaiok eratzeko izendatuta zeuden gehienek ordurako agertu dira eta ez da izan kale edo atzerapen nabarmenik.
Mahaikideak jada lanean dira, jardunaldiko agiriak ezagutu eta betetzen. Goizeko bederatzietan zabaldu dira hauteskunde-kolegio guztiak. Normaltasuna da ezaugarri nagusia.
Eguna argitzean lurra bustita, zerua lainotua eta ateri egon da, hots-beroa hamalau gradukoa da.
Euskalmet Euskal Agentziaren arabera egunerako aurreikuspena ondoko hau da: Zerua hodeitsu agertuko da, tarteka oso hodeitsu. Noizbehinka euri txikia egingo du, bereziki egunaren lehenengo partean; arratsalde-gauean atertuz joango da. Ipar/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogor batzuekin. Tenperaturan aldaketarik ez.
Ermuan, hautesle-errolda 12.658 pertsonek osatzen dugu. Herrian 11 sekzio eta 22 mahai ditugu
Ermuan hamazortzi urtetik gorako 12.658 pertsonek bozkatu ahal izango dugu gaur Ermuan, hautesle-erroldan jasotzen denaren arabera. Gaurkoan hautesleok kolegioetan hiru hautestontzi ditugu: lehena garden edo zuria (Udal Hauteskundeetarako); bigarrena horixka edo sepia (Bizkaiko Batzar Nagusietarako) eta, azkena, urdina (Europako Parlamenturako). Ermuan ohiko kabinak ditugu hauteskunde-kolegioetan; horien barne udalera aurkezten diren 6 alderdienak ditugu -zuriak-; eta Bizkaiko Batzar Nagusietarako aukerak -kolore sepia edo horixkako beste 8 papeleta-. Azkenik, kabinatik kanpo eta mahai zabaletan beste 32 papeleta urdin aurkituko, Europako Parlamentura aurkezten diren formazio eta partiduekin.
Jarraian, argazki-sorta bat uzten dugu ikusteko nola egoten ziren hauteslekuak Udal, Foru eta Europarako Hauteskunde jardunaldi honetan.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua