Juan Carlos Abascal, alkate berria 'ilusioz eta elkarrekin lan egiteko gogoz'
Juan Carlos Abascal Candas (PSE-EE/PSOE) -44 urte- Ermuko Alkate hautatua izan da gaur larunbata, ekainak 15, 2019-2023 agintaldirako. 2018ko ekainean Carlos Totorikaren lekukoa hartu ostean, bere lehenengo agintaldi osoari aurre egingo dio orain Abascalek Ermuko Udalean.
Jose Luis Araujo adin-mahaiko presidentearen eskutik jaso du aginte makila, zinegotzien eta Udalbatza eratzeko Bilkurara gerturatu diren dozenaka ikus-entzuleen txaloen artean. Herriko alkate berri gisa eman duen lehenengo hizketaldian, Ermuko alkate izatea “ohorea” dela azaldu du: “Bertan jaio nintzen eta urte askotan zehar herriaren alde lan egin dut, bere mailan egotea espero dut”.
Ermuko lehenengo zinegotziak hitz batzuk eskaini dizkie gurasoei. “Haiek erabat garrantzitsuak diren baloreetan hezi ninduten, hala nola, elkartasuna, berdintasuna, zintzotasuna, umiltasuna, esfortzua, lana eta errespetua”. Balore horiek bere gobernu-akzioan ezinbesteko eta oinarrizko elementuak izango direla adierazi du.
Herriko historiari errepasoa egin ostean, “aldaketa” gobernatu behar dela azaldu du Abascalek, “ikuspuntu guztietatik”. “Gertatzen ari dena ulertu eta garai aldaketa honetara egokitu behar dugu”, esan du. Ildo beretik, aipamen berezia egin die globalizazioari, IKTei, berdintasunetik emakumeak duen rol berriari, gizartearen zahartzeari, ingurumenaren jasangarritasunari eta gobernu onaren, gardentasunaren eta herritarren partaidetzaren erronkei.
Epe luzeko estrategia izatearen garrantzia azpimarratu nahi izan du Juan Carlos Abascalek, eta “ardatza pertsonak” direla azaldu du. Era berean, Ermuko industria ehuna, hirigunearen eraldaketa eta etxebizitza politikak babesten jarraitzeko nahia adierazi du: “Desafio eta erronka asko izango ditugu aurrean, eta askoz hobe da ilusioarekin eta borondatearekin aritzea, guztiok batera, aldaketari diogun beldurra gaindituz”.
Amaitzeko, zinegotzi berriei euren lana eskertu die eta guztiek batera lan egiteko gonbidapena luzatu die, “hiritarrentzat onena zer den” buruan izanda betiere. Herriko bizilagunentzat ere hartu du tartea: “Ermuko herriari bere burua gainditzeko duen izpiritua eta ulermena aitortu nahi diot. Guztion artean herri jasangarriagoa eta solidarioagoa eraiki ahalko dugu, eta bertan elkarbizitza izango da protagonista nagusia”.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua