Hobekuntza lanak herriko ikastetxeetan

22.08.19
Hezkuntza

Ongarai Eskola, San Lorenzo Ikastetxea eta Anaitasuna Ikastola instalazioak hobetzeko obretan murgilduta daude azken asteetan, 2019/2020 ikasturteari begira, ikasle nahiz irakasleentzat baldintzarik onenak eskaini ahal izateko.

Batetik, Ermuko Udalak 25.000 euroko inbertsioa egin du Ongarai Eskolako eta San Lorenzo Ikastetxeko komunak hobetzeko. Horrela, aipatutako eraikinetan txorrotak, komunak, alikatatuak eta beste hainbat elementu aldatuko dira, jada zaharkituta baitaude. 2017ko udan egindako obren osagarri dira orain burutzen ari direnak, eta duela bi urteko proiektuan sartu ez ziren guneak ikasturte berrirako prest utziko dira lan horiekin.

2019ko Aurrekontuaren bigarren aldaketari esker egin ahal dira bi ikastetxe horietako obrak. Aldaketa horretan 773.643,03 euro gehitu dira Udal Aurrekontuan, herrian hobekuntza proiektu ezberdinak burutu ahal izateko, tartean, ikastetxeetako komunak berritzea.

Bestetik, Anaitasuna Ikastolan ere obretan daude, eraikineko bosgarren solairuko kondentsazioak eta zubi termikoak ezabatzeko. Ikastetxeko pisu horrek urtebete darama itxita, eta aipatutako hobekuntza lanez gain, eraberritu eta egokitu egingo da ikasturte berrirako zabaldu eta erabilera berriak emateko.

Batez ere igeltsaritza, iturgintza, pintura, pladurra, binilo soldaketa eta argindar lanak egingo dira Anaitasuna Ikastolan.

Lotutako albisteak

Imagen
13.01.26
Helduen Heziketa Iraunkorreko zentroak matrikula berrirekiko du

Urtarrilaren 26tik otsailaren 7ra, bigarren lauhilerako
Imagen
10.12.25
Santa Ana auzoan gauzaturiko "Energia Eguna" jarduerak saria merezi izan du

5.000 eta 20.000 biztanleko udalerrien artean ekimenik onenarena jaso du
Imagen
04.12.25
J. Ibaibarriaga XXXII. Literatur Lehiaketako sariak banatzeko ekitaldia

Euskararen Egunean, egindako jaialdian Ermua Antzokian