Udal diru-laguntzak etxebizitzetako fatxadak birgaitzeko
Ermuko Udalak zabalik dauka etxebizitza gisa erabiltzen diren eraikin kolektiboetako fatxadak osorik birgaitu eta berriztatzeko diru-laguntzen deialdia.
Laguntzak eskuratu ahal izateko, eraikinak Ermuko hiri-lurzoruan kokatuta egon beharko du, eta 25 urte baino gehiagokoa izan. Gainera, ez da diru-laguntzarik emango Udalak helburu berarekin emaniko diru-laguntza jaso zenetik gutxienez hamabost urte iragan ez badira.
Onuradunak izango dira eraikinaren jabe bakarra edo bere errentaria, jabearen idatzizko baimena badauka, eta legez eratutako eraikinen jabeen erkidegoak.
Diru-laguntza horien bitartez egingo diren obrek honakoak hartu beharko dituzte barne:
- Fatxada osoa goitik behera birgaitu edo berriztatzea, arotzeria, paramentu, balkoi, errementaritza eta abarren tratamendu egokia eginez
- Fatxadan dauden kableak eta hodiak ezkutatzea, horma edo kanaleta pintatu baten barruan gordez.
- Derrigorrezkoa izango da etxabean dauden elementuen itxitura eta ateek akabera egokia izatea.
- Eraikinak argi-patioa edo barne patioa duenean eta terraza edo balkoiak, bide publikora begira dauden arropa eskegitzeko elementuak kendu egin beharko dira.
Udalak guztira 44.100 euroko aurrekontua prestatu du diru-laguntza horietarako, eta eskabideak aurkezteko hurrenkera kronologikoa izango da esleipen sistema nagusia, betiere ordenantzak zehazten dituen baldintza guztiak betetzen direnean.
Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 30ean, larunbata, 15:00etan amaituko da. Deialdian interesa duten norbanako edo jabeen elkarteek Ermuko Udalaren webguneko iragarki-oholean eskuratu dezakete informazioa, eskabide orria eta beharrezko dokumentazio osoa. Abiapuntu bulegora ere jo daiteke informazio eske, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 14:00etara -irailetik aurrera 15:00ak arte-. Eskaerak Ermuko Udalaren egoitza elektronikoan aurkeztu daitezke, eguneko 24 orduetan, edo Abiapuntun, aipatutako ordutegian.
Lotutako albisteak
Asteartea eta asteazkenean zerbitzutik kanpo egongo da mantentze lanak egiteko
Otsailaren 5ean bilera irekia, Lobiano Kulturgunean, 18:30etan
Eskabideak egoitza elektronikoaren bidez eta ‘Abiapuntu’ bulegoan aurkez daitezke, aurtengo azaroaren 30era arte