2018ko Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria sarien banaketa ekitaldian izan da Ermua
Castellóko Biltzarren Jauregi eta Auditorioan banatu dira ostegun honetan, irailak 2019, 2018. urteari dagozkion Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria sariak. Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak Innpulso Sarearen bitartez eskaintzen dituen bereizgarriak dira. Horiekin, hiriek azpiegiturak indartuz eta politikak zehaztuz bultzatutako berrikuntza proiektuak saritzen dira, baita izaera zientifiko, teknologiko eta berritzaile indartsua duten erakunde eta tokiko enpresak ere.
Pedro Duque ministroak eta Ximo Puig Valentziako Generalitateko presidenteak zuzendu dute ekitaldia, eta aurreko urtean bereiztutako zortzi hiriri eman dizkiote sariak, Ames, Benidorm, Eibar, Onda, Paterna, Bartzelona, Castelló eta Vigo, hain zuzen.
Juan Carlos Abascal Ermuko alkatea ekitaldian izan da, Terrassarekin batera Innpulso Sareko presidentzian baitago gure udalerria.
Erakundeei egindako ongietorri ekitaldian, Mª Amparo Marco Castellóko alkateak zientzia eta teknologia “etorkizunaren sinonimo” direla azpimarratu du, eta udalek, hiritarren ongizatea lortu ahal izateko, “proaktibo” izan behar dutela.
Bestalde, Pedro Duque ministroak berrikuntza “ezinbestekoa” dela azaldu du epe luzerako gizarte ongizatea, lurraldeen lehiakortasuna eta tokiko garapen ekonomikoa bultzatzeko. “Hirien erronkak talde lanean garatzen eta gainditzen laguntzen du Innpulso Sareak”, adierazi du.
Deialdi honetan, Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria sariek udalen berrikuntzarako grina eta indarra azpimarratu nahi izan dituzte, batez ere, zerbitzu publikoak eskaintzeko ekimen berritzaileen, gobernu elektronikoaren, informazioa eskuratzeko askatasunaren eta Erosketa Publiko Berritzailearen alorretan.
Unibertsitateen, Ikerketaren, Garapenaren eta Berrikuntzaren Estatu Idazkaritzak pasatu den apirilaren 12an iragarri zuen zeintzuk izango ziren hiri sarituak. Garaikurra eskuratzeaz gain, Zientziaren eta Berrikuntzaren Hirien Innpulso Sarearekin bat egiten dute sarituek. Ermua 2010az geroztik dago Sarean, eta 2017tik presidentzia dauka, Terrassarekin batera.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua