‘STEAM Zaletasunak’, bokazio zientifikoei bultzada nerabezarotik hasita

01.10.19
Ekonomi Sustapena

Debabarrena eskualdean indar handia du industriak, eta gure inguruko enpresek zientziarekin eta teknologiarekin lotura duten arloetan trebatutako pertsonak behar eta eskatzen dituzte etengabe. Azken urteetan, STEAM arloetako -zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak- bokazio berriak bultzatzeko nahia hazi egin da eskualdean. Hori horrela, garrantzitsua da gaztetxoak diziplina zientifiko-teknologikoetara bideratzea modu praktiko eta dibertigarrian, talde lana, sormena eta ekintzailetza ardatz gisa hartuta, etorkizunean aurkituko dituzten erronkei arrakastaz aurre egiteko tresnak izan ditzaten.

Testuinguru horretan sortu da STEAM Zaletasunak proiektua, Ermuko Udalak antolatua Armeria Eskolako Ikasle Ohien Elkartearen laguntzaz. 13 eta 14 urteko gaztetxoei zuzendutako ekimena da, eta sentsibilizazio ekintzen bitartez, bokazio teknologikoak bultzatzea du helburu. Horrela, ikasleak zuzenean eskualdeko enpresetako lanpostuetara eta formazio zentroetara gerturatuko dira, industria eta enpresa sektoreko errealitatea bertatik bertara ezagutzeko.

STEAM Zaletasunak egitasmoak zientziari eta teknologiari lotutako ikasketen diskriminazio positiboa egiten du ikasleek orientazio akademikoa behar duten garaian, pixkanaka enpresen beharrak asetzeko.

Inguruko hainbat enpresen laguntza eta babesa du proiektuak, hala nola, Tenneco Automotive, Orbea, IDS Ingenieria de Sistemas eta Engranajes Ureta.

Urteko azken hiruhileko honetan garatuko da ekimena, eta bertan parte hartuko duten ikasleek inguruko zazpi enpresa ezagutzeko aukera izango dute, eta bakoitzean bi lanpostu. Gazteak taldeka bilduko dira, eta bakoitzari lanpostu jakin bat esleituko zaio, enpresan ezagutu dezaten.

Job shadowing teknikaren bitartez -aditu bat ikustea eta hari jarraipena egitea bere lanpostuan, lana nola egiten duen ikusteko-, ikasle ermuarrek bertatik bertara ikusiko dituzte pertsona ezberdinen lanpostuak, bereziki emakumeak, eta zer egiten duten azalduko diete. Gero, analisiaren emaitzak aurkeztuko dituzte beste taldeen aurrean.

Gainera, inguruko formazio zentroetara ere joango dira, ikertuko dituzten lanpostuak burutu ahal izateko beharrezkoak diren titulazioak non eskuratzen diren ikusteko.

STEAM Zaletasunak proiektuaren helburua eskualdeko ekintza estrategikoari babesa ematea eta indartzea da, gazteen artean bokazio zientifikoak eta teknologikoak bultzatzeko. Horrela, epe labur eta ertainean, enpresek eskatzen dituzten arloetan trebatutako pertsonak izango ditugu inguruan, Industria 4.0, enpresa lehiakortasuna eta teknologia berriak bezalako ataletan aritu ahal izateko.

Lotutako albisteak

Imagen
09.07.25
2025-2026 ikasturterako materiala herriko dendetan erosteagatiko laguntzak

Eskaerak irailaren 1etik aurrera aurkez daitezke eta laguntzek ia berrehun mila euroko zuzkidura dute
Imagen
04.07.25
EkiElkar: herrian dugun lehenengo Tokiko Energia Komunitatea

Ermuan eratu berri da eta Santa Ana auzoan dago
Imagen
04.07.25
Bizkaia Gazteak Durangaldea jarduerak gazteriarekiko konpromisoari eutsiko dio

Irailetik aurrera, prestakuntza-, orientazio- eta ongizate-jardueren agenda edukiko du