Elon tokiko enpresa aurkeztu du Ermuak IV. Innpulso Emprende jardunaldian
Innpulso Sareak IV. Alkate Berritzaileen Innpulso Emprende Topaketa antolatu eta ospatu du asteazken honetan Madrilgo La Nave hiri berrikuntza espazioan. Sarean kokatzen diren herrietako alkateen eta toki bakoitzeko ETE, mikroenpresa eta startup berritzaileenen arteko topagune gisa aritzen da jardunaldia.
Juan Carlos Abascal Ermuko alkateak parte hartu du ekimen honetan, eta alboan izan du Pablo Miguel Fernandez, Izarra Centren kokatzen den Elon enpresako sortzaileetako bat.
Ingeniaritza enpresa ermuarraren espezialitatea energia berritzaileak eta adimendun monitorizazioa dira. Etxebizitza eta enpresetarako autokontsumo instalazioak eskaintzen ditu, eta monitorizazioa egin ahal izateko softwarea garatu du, bai app moduan, baita webgune moduan ere. Ermuko Udalak Elonek sortutako ingurumen estazioak erosi ditu azken hilabeteetan, gure herriko airearen kalitatearen inguruko unean uneko informazioa izateko. “Ekintzailetza, enplegua, teknologia eta ingurumena modu egokian uztartzen dira”, adierazi du alkate ermuarrak.
IV. Alkate Berritzaileen Innpulso Emprende Topaketa talentuaren erakusleihoa da, eta tokiko enpresentzat euren lanaren promozioa egiteko une ezinhobea da, beste herrien, balizko merkatuen eta inbertsio agente posibleen aurrean aurkezteko aukera izan baitute bertan.
Juan Carlos Abascal alkateak ekitaldiaren irekieran parte hartu du, Innpulso Sareko presidentzian baitago Terrassarekin batera, eta garapen jasangarriko helburu eta erronkei aurre egiteko epe luzeko estrategia landu behar dela adierazi du. Jarraian, goiz osoan eta arratsalde zati batean zehar, parte hartu duen herri bakoitzak bertako enpresa berritzaile bat aurkeztu du, elevator pitch formatuan euren proiektuaren xehetasunak azaltzeko. Mota horretako formatuak oso eraginkorrak dira bezero izan daitezkeen pertsonen arreta deitzeko mezu labur eta zuzenak sortzeko, segundo edo minutu gutxitan. Garrantzitsuak izan ohi dira, batez ere, ekintzailetza proiektuak aurkezteko, eta Ermuaren kasuan, Elon enpresak eman du bere lanaren berri espazio eta formatu horretan.
Epaimahaiaren erabakiari jarraiki, Innpulso Sareak bi sari banatu ditu: bata, proiektu berritzaileenari, eta bestea, etorkizun gehien izan dezakeen proiektuari. Lehenengo saria bi enpresek elkarbanatu dute, Madrilgo BH Dynamicsek eta Mataroko Aurocisek, hain zuzen. Biek ere minbiziaren aurkako borrokan berritzearen alde egiten dute lan. Etorkizun gehien izan dezakeen proiektuari saria, aldiz, Infotouristek eskuratu du; turismo bulegoen kudeaketa integralerako plataforma honen etengabeko zerbitzua eta bulegoa deszentralizatzeko sistema eskaintzen ditu. Azkenik, influencer izaera gehien duen proiektuari sari berezia eman diote Benidormeko Optimizadata enpresari, jardunaldiaren harira Twitterren hobekien iragarri den enpresa izateagatik.
Lerro hauen ostean ekitaldiko argazkiak uzten dizkizuegu, Innpulso Sarearen eskutik, baita jardunaldiko bideoa ere.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua