Aldaketak asteburuko zine programazioan
Ermuko Udaleko Kultura Alorrak jakinarazi duenez, banatzailearekin izandako azken orduko arazoak tarteko, asteburu honetarako aurreikusita zegoen Woody Allenen Días de lluvia en Nueva York filmaren emisioa atzeratu egingo da. Urriaren 26an eta 27an izango da ikusgai Ermua Antzokian.
Asteburu honetarako, Cegado por la luz ekarriko da, urriko azkeneko astebururako aurreikusita zegoen filma. Trukatu egingo dira, beraz, bi filmak.
Gurinder Chadha zuzendariaren komedia dramatikoak Viveik Kalra, Hayley Atwell eta Rob Brydon ditu protagonista. 1987ko Ingalaterran kokatzen da filma, Margaret Thatcher agintean egon zen urte gogorretan, eta Javed jatorri pakistandarreko nerabe britainiarra familia tradizional zorrotz batean bizi da. Eraso arrazistaz eta baloreen eta ekonomiaren krisiak ukitutako garai zail horretan, ez du eroso sentitzen den lekurik topatzen. Poesia idazten duen arren, desberdintasuna markatzeko adinako ahotsik ez duela uste du, baina guztia hankaz gora jarriko da ikaskide batek Bruce Springsteenen musika erakusten dionean. Springsteenekin oso identifikatuta sentituko da Javed, bere letrekin mundua aldatu nahi duen mutil gazte langilea baita hura ere. Aurkikuntza horri esker, bere ahotsarekin adierazteko eta erreprimitutako ametsak azaltzeko bidea topatuko du.
Cegado por la luz larunbatean, urriak 19, 22:00etan eta igandean, hilak 20, 19:30ean izango da ikusgai.
Gainontzean, asteko zine egitaraua bere horretan mantenduko da. Gaurko zineklubarekin hasiko da, 20:30ean, Ari Aster zuzendariaren Midsommar filmaren eskutik. Larunbatean, igandean eta astelehenan Agur Etxebeste! emitituko da, eta igandean, haurren saioan, Dora y la ciudad perdida eskainiko da.
Informazio gehiago Ermua Antzokiaren mikrositean.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan