Abian da 2020ko Aurrekontuak osatzeko parte-hartze prozesua
Ermuko Udalak proposamen bilketa antolatu du herritarrek 2020an lan egiteko lehentasunezkotzat jotzen dituzten esparruak zeintzuk diren jakiteko. Herritarren ekarpenek hurrengo ekitaldirako udal-aurrekontua zehazten lagunduko diote erakundeari.
Parte-hartze prozesua gaur, azaroak 8, hasi da. Ermuan erroldatuta dauden 18 urtetik gorako pertsona guztiek beren ideiak, iradokizunak eta lehentasunak aurkez ditzakete azaroaren 17ra arte.
Aurreko urteetan bezala, prozesuan parte hartzeko modu ezberdinak daude. Alde batetik, web orriaren bidez eskaintzen den online galdetegia bete daiteke.
Bestalde, Udalak galdetegi bat bidaliko du herriko etxe guztietara, erakundean lantzen ari diren ardatz estrategikoekin. Ekimenean parte hartu nahi dutenek euren lehentasunak zeintzuk diren adierazi ahal izango dute, eta horrez gain, herrian aurrera eramatea gustatuko litzaiekeen ekintza edo ideia zehatzak idatzi ahal izateko tartea izango dute.
Inprimakia Abiapuntun, Lobiano Kultur Gunean, Udal liburutegian eta Miguel Angel Blanco kiroldegian aurkeztu ahal izango da. Correosen bidez ere bidal daiteke galdetegia, frankeatu beharrik gabe: postontzi batean uztearekin nahikoa izango da.
Azkenik, karpak jarriko dira herriko puntu ezberdinetan, prozesuari buruzko informazioa emateko eta galdetegiak entregatu ahal izateko. Inprimakiak ere egongo dira eskuragarri instalazio horietan, eta datak, ordutegiak eta kokalekuak honako hauek dira:
- Azaroak 13, asteazkena: 18:00etatik 20:00etara Patxi plazan, San Pelaio plazan eta Sallabenten, hotelaren aurrean.
- Azaroak 14, osteguna: 18:00etatik 20:00etara Patxi plazan eta San Isidro kalean.
- Azaroak 15, ostirala: 18:00etatik 20:00etara Patxi plazan, San Pelaio plazan eta Sallabenten, hotelaren aurrean.
Proposamenak aurkeztu ahal izateko, beharrezkoa izango da NANarekin identifikatzea, bai aurrez aurre parte hartzean, baita internet bidezko galdetegia osatzean ere.
Proposamenak jaso ondoren, ekarpen guztien balorazio teknikoa egingo da, eta 2020ko Aurrekontuan sartzea, ezestea, azterketa gehigarrien zain uztea edo etorkizuneko jarduketetarako uztea erabakiko da. Gainera, Udaleko zinegotziak telefonoz harremanetan jarriko dira ekintza zehatzak proposatu dituzten herritarrekin, hartutako erabakiaren berri emateko, eta azken emaitzak udalaren webgunean argitaratuko dira.
Berrikuntza gisa, aurten, galdetegiarekin batera, Ermuko herritarrek 2019ko Aurrekontuetarako lehenetsitako lau eremuei buruzko informazio-liburuxka bat banatuko da: enplegua eta ekintzailetza, baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonentzako eta familientzako laguntzak, gardentasuna eta irisgarritasuna/mugikortasuna. Argitalpenak ekitaldi honetan eremu horietan egin diren jarduera garrantzitsuenak laburbiltzen ditu.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua