‘El silencio de la ciudad blanca’ filma nagusi Ermua Antzokiko asteburuko zine programazioan
Zine aste berria hastear da Ermua Antzokian, eta ostegunetik astelehenera bitartean lau pelikula berriz gozatzeko aukera izango dugu. Bihar hilak 21 hasiko da programazioa zineklub saioaren eskutik; bertan, Parásitos film korear arrakastatsua eskainiko da. Bong Joo-ho zuzendariaren lanak Urrezko Palma jaso du 2019ko Canneseko zinema jaialdian, eta umore beltza eta gizarte drama uztartzen ditu. Gi Taek eta bere familia osoa langabezian daude. Gi Woo seme nagusia Parken etxean klase pertsonalizatuak ematen hasten denean, bi familiak harremanetan jarriko dira. Guztiz ezberdinak diren munduetakoak diren arren, gauza berdintsu asko dituzte biek, eta lotura horrek aurreikusi ezin diren emaitzak izango ditu. Parásitos ostegunean eskainiko da, 20:30etik aurrera, azpititulatutako jatorrizko bertsioan.
Zine komertzialaren programazioa larunbatean hasiko da 19:30ean Sorry we missed you filmaren lehenengo emisioarekin. Ken Loach zuzendariaren dramak Kris Hitchen eta Debbie Honeywood ditu protagonista, eta Donostiako Zinemaldian film europar onenaren ikus-entzuleen saria jaso du. Ricky eta bere familia ekonomikoki aurrera egiteko borrokan aritu dira 2008ko krisialditik. Egun batean, aukera berri bat agertuko zaie, antzinako furgoneta disdiratsu bat aurkitzean, horrek familiari euren negozio propioa sortzeko parada emango baitio. Lana ez da erraza izango, ordea, batez ere emazteak duen zaintzaile lana dela eta. Familia indartsua eta ondo lotua den arren, laster agertuko dira lehenengo haustura eta desadostasunak. Sorry we missed you larunbatean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean emitituko da.
Asteburuko bigarren film komertziala Daniel Calparsorok zuzendutako El silencio de la ciudad blanca izango da. Belen Rueda, Javier Rey eta Aura Garrido ditu protagonista Eva Garcia Saenz de Urturiren eleberrietan oinarritutako intrigazko thrillerrak. Gasteiz, 2016. Hogei urteko neska eta mutil baten gorpu biluziak agertu dira Katedral Zaharreko kriptan. Profil kriminaletan aditua den Unai Lopez de Ayala ikertzaileak bi hamarkadaz hiria izutzen diharduen hiltzailea harrapatu beharko du. Gero eta krimen gehiago izango dira hirian etenik gabe, eta sare sozialek polizia ikerketa nahastu eta kutsatuko dute. Horrek guztiak muturreko egoerara eramango du Unai, uste duena baino gertuago egon daitekeen hiltzaile kamaleoniko eta gupidagabearen bila. El silencio de la ciudad blanca larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean egongo da ikusgai.
Igandeko haurren saioari dagokionez, 17:00etan eskainiko da La oveja Shaun: Granjaguedon animaziozko film dibertigarria. Argi arraro batzuk bistaratu dituzte Mossinghameko zeru lasaian, galaxia urrun bateko bidaiariak datozela iragarriz. Bien bitartean, Mossy Bottom baserrian, Shaun ardiak eta bere artaldeak euren erara jarraitzen dute, Bitzer artzain txakurrari jaramonik egin gabe. Bidaiaren ondorioz, ordea, botere bereziak dituen estralurtar atsegin bat Lurrean geldituko da, eta Shaunek dibertsio estralurtarra izateko aukera aprobetxatuko du. Lehenik, ordea, bere lagun berria erakunde misteriotsu baten eskuetatik urrundu beharko du.
Informazio gehiagorako, jo ezazu Ermua Antzokiaren mikrositera.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan