Menina 2019 saria jaso du Emakumeen Topalekuak
Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen Ordezkaritzak Menina 2019 sariak banatu ditu, eta horietako bat Ermuko Emakumearen Topaguneak irabazi du, gure udalerrian emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde egindako lanagatik.
Juan Carlos Abascal alkateak eta Beatriz Gamiz Berdintasun zinegotziak jaso dute saria Vicente Reyes Espainiako Gobernuak Bizkaian duen ordezkariordearen eskutik, asteazkenean, hilak 4, Donostiako Miramar Jauregian egindako ekitaldian.
Bere hitzaldian, "Ermua bezalako udalerri apal bateko alkate izateaz oso harro" agertu da Abascal, eta ohorez jaso du 2019ko Menina saria. "Duela 20 urte baino gehiago berdintasun-politikei buruz hitz egiten zuten eta horri lehentasuna eman zieten pertsonak, zinegotziak, alkateak eta elkarteak aintzatetsi nahi ditut. Guretzat, gizarte- eta enplegu-politikak emakumeak ahalduntzeko tresnarik onenak dira, eta Emakumeen Topalekuan, emakumeak seguru eta aholkatuta senti daitezke".
“Emakumeen Topalekuari bizitza ematen dioten Ermuko hiritar eta elkarte guztiei” eskertu nahi izan die saria alkateak, eta “mailuak hartu eta kristalezko sabaiak apurtzeko garaia” dela azpimarratu du: “Zoru itsaskorrak garbitu behar ditugu emakumeak aske eta loturarik gabe garatu daitezen”.
Menina Euskadi sariek genero-indarkeriaren adierazpen guztiak desagerrarazteko konpromiso argia duten erakunde, elkarte eta pertsonak aintzatesten dituzte.
Ermuko Emakumeen Topalekuaz gain, Menina garaikurra jaso dute Gasteizko Udaltzaingoaren Genero eta Familia Indarkeria Taldeak, Gipuzkoako Abokatuen Elkargo Prestuaren Ofiziozko Txandak eta Miren Ortubay Fuentesek.
Sari horien banaketarekin, Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen Ordezkaritzak amaitutzat ematen ditu Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguneko jardueren egitaraua.
Lerro hauen ostean sari banaketako bideoa eta ekitaldiko argazkiak ikusi daitezke.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua