Ermuak Larrialdietako udal Plana aktibatu du

15.03.20
Erakundea

Ermuko Udalak Larrialdietako Plana aktibatu du, alarma eta larrialdi sanitarioa deklaratu ondoren. Plan horrek lehentasunezko hainbat arlo jasotzen eta integratzen ditu, besteak beste, Gizarte Politikak eta Gizarte Ongizatearen eta Herritarren Segurtasunaren arloko arreta. Gure udalak protokoloak zehaztuko ditu eta presentzialak ez diren beste bitarteko batzuen bidezko arreta indartuko du, batez ere telefonikoak eta telematikoak. Plana bihar aktibatuko da, zuzendaritzak koordinatzeko bilera batean zehaztu ondoren, gaur jaieguna baita.

Erantzun-planak laguntza-ekintzak koordinatzea aurreikusten du Gurutze Gorriarekin, berrogeialdiko edo konfinamenduko neurriek kaltetutako pertsonei etxeetan laguntzeko ekintzetarako: elikagaien hornidura eta oinarrizko higiene-artikuluak. Baita farmaziako produktuak jaso behar dituztenentzat ere, bereziki paziente kronikoentzat eta medikuek agindutako botikak behar dituztenentzat. Eta adineko pertsonei telefono bidezko jarraipena egitea ere sartzen da, bakardade, isolamendu edo urritasun egoeretan daudenentzat.

Udaltzaingoaren oharra megafonia bidez

Udaltzaingoak megafonia bidezko iragarki batzuk zabalduko ditu gaur, zeinean gogorarazten zaigun, salbuespen-egoeran gaudela eta berrogeialdia edo konfinamendua gure etxeetan ezarrita dagoela. Testuak honako hau dio: "Biztanleei gogorarazten diegu agintariek ezarritako aginduak bete behar dituztela. ALERTA egoeran gaude osasun arrazoiengatik. Etxean egon behar dugu, arrazoi justifikaturik izan ezean. Gorde beharreko gutxieneko distantzia: 2 metro. Ez dugu elkartu behar, ezta taldean ibili ere."

Ermuak 888/2020 Dekretuaren bidez debekatu zuen atzo bide publikoa okupatzea, asteroko azoka eta terrazak barne. Eta haur-parkeak zigilatu eta itxi zituen

Gure herrian, osasun-agintarien gomendioei jarraituz, eta COVID-19 birusaren hedapena eta osasun-zerbitzuen balizko kolapsoa saihesteko helburuarekin, honako hau erabaki zen hasieran hurrengo 14 egunetarako:

  • Bide publikoa okupatzeko baimenak ukatzea, pertsona asko bildu behar badira, eta orain arte baimendutakoak indarrik gabe uztea, asteroko azoka txikia barne.
  • Espazio publikoetan terrazak jartzeko emandako lizentzia etetea.

Era berean, haur-parke publikoak eta haien elementuak zigilatu eta itxi zituen, erabil ez daitezen.

Meza, hileta elizkizunak eta pastoral jarduerak eten ditu parrokiak

Gure herriko Santiago Apostoluaren parrokiak besterik abisatu artean meza, hileta elizkizunak eta pastoral jarduerak bertan behera utzi zituen atzo. Hala adierazten du Oiz-Anbotoko ministerio taldeak sinatutako eta elizako atean jarritako kartel batean.

Lotutako albisteak

Imagen
16.05.25
Ziurgabetasunak eragiten al dio talentuari? Zenbateraino? Enpresa edo herri-administrazioetan maila berdinean?

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n
Imagen
16.05.25
M17: LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean
Imagen
13.05.25
‘Euskaraldia’ hastear, ostegunetik hasita hamar egunez

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua