Ermua Antzokiko kultur ikuskizunak atzeratuta edota bertan behera gelditu dira

13.05.20
Kultura eta Gazteria

Pandemiak kaltetutako jardueretarako data berriak bilatzen saiatu da Kultura Saila

Koronabirusak erabat nahastu ditu gure eguneroko bizitza eta ohiko jarduerak, eta fase aldaketekin apurka-apurka "normaltasun berrirantz" aurrera egiten ari garen arren, kultur sektorea da oraindik ere pandemiak gehien kaltetu duen eremuetako bat. Horrela, antzerki emanaldiek, zine emanaldiek eta musika kontzertuek erabateko geldialdia izaten jarraitzen dute, eta etenaldiaren amaiera ez da oraindik argi ikusten.

Testuinguru horretan, Ermuko Udaleko Kultura Sailak jakinarazten du, osasun-agintariek edukiera murrizteko eta urruntzeko hartutako neurrien ondorioz, pandemiaren hasieran hartutako zenbait erabaki zuzendu behar izan direla, Ermua Antzokiko ikuskizunetara joan daitekeen ikuslegoaren segurtasun-baldintzak bermatu ahal izateko.

Alarma Estatuak eragindako lehen ekitaldia Dani Fernandezen kontzertua izan zen. Hasiera batean emanaldia ekainaren 26ra atzeratzea erabaki zen, baina egungo egoera ikusita, Ermuko Udalak eta artistak kontzertua 2021eko urtarrilaren 29an egitea adostu dute. Data berri horrek osasun-neurri guztiak betetzeko beharrari erantzuten dio, eta, horrela, ekitaldira joaten diren pertsona guztien ongizatea bermatzen da.

Orain arte erositako sarrerek egun berrirako balioko dute. Sarrera itzuli nahi dutenek 943 70 87 00 telefono zenbakira deitu beharko dute, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 15:00etara bitartean.

Arizona Baby taldearen kontzertua eta Pez Limbo konpainiaren El patio de mi casa antzerki ikuskizuna ere bide beretik joan dira. Bi ikuskizunak 2021eko otsailaren 26ra eta apirilaren 30era atzeratu dira, hurrenez hurren. Leongo taldearen musika emanaldiaren kasuan, hasiera batean urtarrilaren 29ra atzeratu zen kontzertua, baina taldearen agenda tarteko, data berri bat bilatu behar izan dute.

Antzerki-emanaldiak, bertan behera

Zoritxarrez, duela aste batzuk pandemiaren hasieran jakinarazitakoa gorabehera, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Bizi dantza, La Nere aktorearen Dando el cante eta Artedrama konpainiaren Zaldi urdina ikuskizunak bertan behera utzi behar izan dituzte. Antzezlanak aurkezteko data berriak bilatzen saiatuko da Udala, baina dagoeneko erositako sarrerak ez lirateke baliagarriak izango balizko jarduera berrietarako. Sarreren itzulketa 943 70 87 00 telefono zenbakira deituta egin daiteke, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 15:00etara bitartean.

Ermuko Udaleko Kultura Sailak barkamena eskatu nahi du erabaki horiek sor ditzaketen eragozpenengatik. Era berean, eskerrak eman dizkie eragindako pertsonei euren ulermenagatik, eta jakinarazi du lanean ari direla normaltasunera lehenbailehen itzultzeko.

Lotutako albisteak

Imagen
12.02.26
‘Oilarraren jokoak’ hasiera emango 2026ko Inauteriei

Gaurko jarduerak oilarraren jokoa, Xaibor DJaren emanaldia eta Ermua Kantuan kalejira izango dira
Imagen
10.02.26
Ermua Antzokiak drama bi, thrillerra eta euskarazko animazioa euskaraz proiektatuko ditu aste honetan

Zinema komertzialean ‘Si pudiera te daría una patada' eta Juanma Bajo Ulloaren ‘El mal’ ikusteko aukera izango
Imagen
09.02.26
Gazteentzako doako txangoa Zornotzako ‘Paintball’-era

Otsailaren 28ko larunbatean egingo da, Zornotzako ‘Paintball Open Air’ instalaziora, Gazteria Zerbitzuak antolatuta