Gazteentzako doako txangoa Zornotzako ‘Paintball’-era
Udaleko Gazteria Zerbitzuak otsailaren 28an txango ludiko berria antolatu du Zornotzako ‘Paintball Open Air’-era 2009 eta 2013 urteen artean jaiotako neskato-mutikoentzat, horiek biak barne. Ekintza, barre eta talde lanez betetako arratsaldea eskainiko du jarduerak.
Parte-hartzaileek taldekako paintball partida taktikoak jokatuko dituzte, eszenatoki ezberdinak dituen aire zabaleko ehun mila metro koadroko instalazioetan. Jarduera gure Udalak hartuko du bere gain eta, beraz, doakoa izango da parte hartzaileentzat. Aldiz, horiek bai ordaindu beharko dute Zornotzara garraio publikoan egingo duten joan-etorria -gomendatzen da BARIK txartela erabiltzea Euskotrenen zenbatekoa ordaintzeko-. Taldea Ermuko geltokian bilduko da 15:10ean joateko eta 20:00etan itzuliko.
Plazak mugatuak dira eta, eskaera plaza kopurua baino handiagoa bada, zozketa egingo da. Lehentasuna izango dute iaz parte hartzerik izan ez zutenek eta Ermuan erroldatutako gazteek. Interesa dutenek otsailaren 20ra arte eman dezakete izena, eskabidea betez (karteleko QR kodearen bidez ere eskabidera iritsi daiteke).
Parte hartuko dutenen zerrenda webgune korporatibo honetan argitaratuko dugu otsailaren 25ean eta izena eman dutenei ere jakinaraziko zaie.
Aisialdiko arratsalde alternatiboa izango da, adin bereko kideekin gozatzekoa
Proposamen honen helburua elkarbizitza, laguntasuna eta talde lana sustatzea da, lagun berriak egiteko, dituztenak indartzeko eta herritik kanpo bestelako esperientziaz gozatzeko aukera eskaintzeaz gain.
Parte hartutko duten gazteek zapatila eroso batzuk baino ez dituzte eraman behar, gainerako ekipamendua guztia utziko zaie (buzoa, betaurrekoak, babes-txalekoa eta abar).
Udaleko Gazteria Zerbitzuak jarduera honi buruz egon daitezkeen galdera edo zalantzei erantzungo die. Gurekin harremanetan jartzeko 689 04 25 71 telefono zenbakira deitu edo gazteria@udalermua.net helbide elektronikora idatzi.
Lotutako albisteak
Zinema komertzialean ‘Si pudiera te daría una patada' eta Juanma Bajo Ulloaren ‘El mal’ ikusteko aukera izango
Ermuak dibulgazio tailerrak antolatu ditu egun horretarako
Larunbatean, 17:00etan, ipuin tradizionalak eta koreografiak uztartuz