Amaitu da Haurren Kontseiluaren hirugarren edizioa
Haurren Kontseiluak, Ermuko Alkatetzaren aholkularitza-organorik gazteenak, hirugarren edizio berezi honi amaiera eman dio bitarteko digitalen bidez. Hamabi kontseilariak azken aldiz bildu dira larunbat honetan, maiatzaren 23an, bideokonferentzia bidez, eta Juan Carlos Abascal alkateak ere parte hartu du saioan.
Ariadne, Asier, Gaizka, Ibai, Itsaso, Izan, Keyu, Leire, Sara, Oier, Yasir eta Xiker herriko jaietako Haurren Egunerako ekitaldi proposamenak aurkezteaz arduratu dira. Zoritxarrez, bizi dugun egoera berezia dela eta, eta 2020ko Santixauak bertan behera utziko direla iragarri berri denez, proposatutako programazioa ezin izango da aurten gauzatu, baina datorren urteko jaietarako kontuan hartuko da.
Ildo beretik, Haurren Kontseiluak bultzatutako I. Santixauetako umeen kartel lehiaketaren marrazki irabazlea, egilearen izenarekin batera, Santixauak 2021 egitarauan agertuko da.
Alkateak eskerrak eman dizkie parte-hartzaile guztiei 2019/2020 ikasturtean egindako lanagatik, eta oso positiboki baloratu du azken lan-saio hau. Izan ere, osasun-larrialdiko eta konfinamenduko egoera gorabehera, kontseilari txikiek harremanetan jarraitu dute, eta parte-hartzaile guztiek modu aktiboan etxetik lan ugari egin dute.
Lerro hauen ostean Haurren Kontseiluak ikasturte honetan egin dituen zortzi saioen laburpen-bideo bat utziko dizuegu. Gainera, bideoaren amaieran, parte-hartzaileetako batzuk herritar guztiei animo mezu bat bidaltzeko aprobetxatu dute.
Lotutako albisteak

Parte hartu duten haurrek herritarrak kontzientziatzeko ibilaldi batekin amaitu dute aurtengo erronka

Haurren Kontseiluak aldarrikapen ibilaldia antolatu du datorren maiatzaren 7rako, asteazkena

Apirilaren 29an eta maiatzaren 7an egingo, arratsaldeko eta goizeko ordutegian, hurrenez hurren