Haurrentzako aisialdiko jarduerak, familia eta lana uztartu ahal izateko
Ermuko Udalak haurrentzako jarduera-programa bat antolatu du uztailerako, aurrez aurreko lanpostura itzultzeagatik zailtasunak dituzten familiei lana eta familia bateragarri egiten laguntzeko.
Erakunde honen Kontziliazio Plan Integralaren barne dauden ekimenak hurrengo asteetan garatuko dira, eta 3 eta 14 urte bitarteko haurrei ongi pasatzeko aukera emango diete, gurasoen lan-ordutegiak irauten duen bitartean. Gainera, Covid-19aren pandemiaren ondorioak arintzen lagunduko dute, bai aisialdirako alternatiben murrizketagatik, bai aurreko hilabeteetan izandako eskolatze-galeragatik.
Haur bakoitzak honako hiru programetako batean parte hartu ahalko du:
- Euskarazko aisialdi ekintzak: Antxitxiketan aisialdi taldeak 7 eta 14 urte bitarteko pertsonei eskaintzen die programa hau. Astelehenetik ostegunera egingo da, 09:30etik 13:30era, uztailaren 1etik 16ra. Parte-hartzaileak adin-taldeka banatuko dira, eta San Lorentzo, San Pelaio, Ongarai eta Okin Zuri auzoetan sakabanatuta garatuko dituzte ekintzak.
- Kontziliazio-gela: Hezkuntza prestakuntzarekin jarraitzeko zailtasunak dituzten ikasleei eskola-edukiak berreskuratzen eta indartzen laguntzeko zerbitzua eskainiko du Eremu akademiak, ikasgelako laguntza-tekniken bidez. 3 eta 10 urte bitarteko haurrentzat da, eta uztailaren 1etik 30era bitartean izango da, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 16:00etara.
- Ingelesezko aisialdi ekintzak: Akerlei akademiaren aisialdiko jarduera-programan, parte-hartzaileek ingelesez hitz egingo dute. Uztailaren 1etik 30era arte garatuko da, 10 eta 14 urte bitarteko haurrekin. Horiek astelehenetik ostiralera bilduko dira, 09:30etik 13:30era.
Kontziliazio Plan Integraleko hiru programak doakoak dira.
Izena emateko moduak eta epeak
Eskabideak aurkezteko epea ekainaren 22an, astelehena, hasiko da, eta 26an, ostirala, amaituko da. Eskabide-eredua Abiapuntun eta Ermuko Udalaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri, iragarki-taulan. Azken bide hori erabiltzeko eskatzen zaie herritarrei, instalazio fisikoetan jende-pilaketak saihesteko eta izapideak arintzeko.
Behar bezala betetako eta sinatutako eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztu beharko dira: T-10a edo 2019ko errenta-aitorpena; lan-egoeraren egiaztagiri bat (kontratua, lan-bizitza edo bi gurasoen ERTE aitorpena); familia-liburua edo familia-unitatearen justifikazioa; eta emandako datuak benetakoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpen bat.
Bestalde, zenbait jarraibide, gomendio eta segurtasun- eta higiene-neurri eskainiko zaizkie jardueretan parte hartzen dutenei, eta eskatzaileek onartu eta bete egin beharko dituzte.
Plazak mugatuak dira, eta lehentasuna izango dute guraso bakarreko familiek edo bi gurasoak lanean dituztenek edo ERTE egoeran daudenek. Diru-sarrera gutxien dituzten familia-unitateei ere emango zaie lehentasuna.
Jarduera horiei buruzko xehetasun guztiak eta informazio-orriak datozen orduetan argitaratuko dira webgune korporatibo honetako iragarki-taulan.
Lotutako albisteak

Gai-zerrendak hamalau puntu ditu; horien artean, kredituak gehitzeagatik aurrekontua aldatzea, Lobiano erabiltzeko erregelamendua, 2025eko Lanpostu Zerrenda aldatzea edo erakundeko euskara normalizatzeko plan estrategikoa onartzea

Minbiziaren Aurkako Elkarteak eta herriko boluntarioak informazioa eta gomendioak emango dituzte gaur Betiondon

Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena sinatu du gaur, Arrasate eta Amurriorekin batera