Aurtengo udalekuak dugun egoerara egokituko, familia kontziliazioa lehenetsiko eta doan izango
Udalak kostua gain hartuko du eta gehienez 180 plaza aurreikusten ditu Antxitxiketan aisialdiko kolektiboarekin eta beste 40 leku herriko bi akademietan
Ermuko Udalak, ''Antxitxiketan'' aisialdiko kolektiboarekin eta herriko ''Eremu'' eta ''Akerlei'' akademiekin elkarlanean, haurrentzako udalekuen programa bat adostu du uztailerako. Haren ezaugarri nagusiak izango dira pandemiaren urte honetan dugun errealitate berriaren arabera egituratuko dela; izan ere, ekonomia eta ekoizpen jarduerara itzuli ondoren familia bateragarri egitea du helburu, eta hainbat aukera aurreikusten ditu. Erakundeak ordainduko du kostua eta familiek ez dute izen-emate tasarik ordaindu behar. Doakoa izango da.
Erakunde honen Kontziliazio Plan Integralaren barne dauden jarduerak uztailean egingo dira, eta 3 eta 14 urte bitarteko haurrek aisialdiko, denbora libreko eta entretenimenduko orduak beteta izateko aukera izango dute, gurasoek lanaldia betetzen duten bitartean. Gainera, Covid-19aren pandemiaren ondorioak arintzen lagunduko dute, bai aisialdirako aukerak murrizteagatik, bai aurreko hilabeteetan izandako eskolatze-galeragatik.
Haur bakoitzak honako hiru programetako batean parte hartu ahalko du:
- Euskarazko aisialdi ekintzak: Antxitxiketan aisialdi taldeak 7 eta 14 urte bitarteko pertsonei eskaintzen die programa hau. Astelehenetik ostegunera egingo da, 09:30etik 13:30era, uztailaren 1etik 16ra. Parte-hartzaileak adin-taldeka banatuko dira, eta San Lorentzo, San Pelaio, Ongarai eta Okin Zuri auzoetan sakabanatuta garatuko dituzte ekintzak.
- Kontziliazio-gela: Hezkuntza prestakuntzarekin jarraitzeko zailtasunak dituzten ikasleei eskola-edukiak berreskuratzen eta indartzen laguntzeko zerbitzua eskainiko du Eremu akademiak, ikasgelako laguntza-tekniken bidez. 3 eta 10 urte bitarteko haurrentzat da, eta uztailaren 1etik 30era bitartean izango da, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 16:00etara.
- Ingelesezko aisialdi ekintzak: Akerlei akademiaren aisialdiko jarduera-programan, parte-hartzaileek ingelesez hitz egingo dute. Uztailaren 1etik 30era arte garatuko da, 10 eta 14 urte bitarteko haurrekin. Horiek astelehenetik ostiralera bilduko dira, 09:30etik 13:30era.
Haur bakoitzak honako hiru jarduera-programa hauetako bat aukeratu dezake:
Izena emateko moduak eta epeak
Eskabideak aurkezteko epea ekainaren 22an, astelehena, hasiko da, eta 26an, ostirala, amaituko da. Eskabide-eredua Abiapuntun eta Ermuko Udalaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri, iragarki-taulan. Azken bide hori erabiltzeko eskatzen zaie herritarrei, instalazio fisikoetan jende-pilaketak saihesteko eta izapideak arintzeko.
Behar bezala betetako eta sinatutako eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztu beharko dira: T-10a edo 2019ko errenta-aitorpena; lan-egoeraren egiaztagiri bat (kontratua, lan-bizitza edo bi gurasoen ERTE aitorpena); familia-liburua edo familia-unitatearen justifikazioa; eta emandako datuak benetakoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpen bat.
Bestalde, zenbait jarraibide, gomendio eta segurtasun- eta higiene-neurri eskainiko zaizkie jardueretan parte hartzen dutenei, eta eskatzaileek onartu eta bete egin beharko dituzte.
Plazak mugatuak dira, eta lehentasuna izango dute guraso bakarreko familiek edo bi gurasoak lanean dituztenek edo ERTE egoeran daudenek. Diru-sarrera gutxien dituzten familia-unitateei ere emango zaie lehentasuna.
Jarduera horiei buruzko xehetasun guztiak eta informazio-orriak datozen orduetan argitaratuko dira webgune korporatibo honetako iragarki-taulan.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua