Ermua Antzokiak zineari ateak irekiko dizkio irailean

01.09.20
Ermua Antzokia

Udalak hainbat neurri ezarri ditu zinemara modu seguruan itzultzeko

Ermuko Udaleko Kultura alorrak zine programazio berria aurkeztu du, Covid-19ak eragindako larrialdi sanitarioaren ondorioz ia sei hilabeteko itxieraren ondoren. Horrela, irailean zehar zortzi film eskainiko dira guztira: lau zineklub formatuan eta beste lau haurrei zuzendutakoak. Horietan guztietan eta datozen asteetan egingo diren zuzeneko ikuskizunetan, nahitaez bete beharreko osasun-neurriak ezarriko dira Ermua Antzokira sartzeko eta bertan egoteko.

Programazioa ostegun honetan hasiko da, irailak 3, lehenengo zineklub saioaren eskutik. Bertan, Todo pasa en Tel Aviv filma emango da, Sameh Zoabi zuzendari palestinarraren komedia dramatikoa. Zinta honetan Salam ezagutuko dugu, Jerusalemen bizi den 30 urteko palestinarra, Ramallahn ekoitzitako ''Tel Aviv on Fire'' telenobela ospetsuaren setean lan egiten duena. Egunero, telebista estudioetara iristeko, Salamek Israelen kontrol zorrotza pasatu behar izaten du. Han, kontrol postuaren ardura duen komandantearekin topo egiten du, Assirekin, eta honen emaztea telenobelaren fan sutsua da. Txundituta uzteko, Assi istorioa idazten hasiko da. Laster, Salamek Assiren ideiek gidoilari bezala igoera bat ekar zezaketela konturatuko da, eta bere sortzaile karrera hazten hasiko da. Todo pasa en Tel Aviv filma jatorrizko bertsioan azpititulatuta eskainiko da 20:30ean.

Igandean, irailak 6, 17:00etatik aurrera Onward eskainiko da, Pixar animazio etxe erraldoiaren azken lana. Dan Scanlonek zuzendutako filma hiri inguruko fantasiazko mundu batean girotzen da. Bi anaia elfo nerabe, Ian eta Barley Lightfood, abentura batean murgilduko dira, eta munduan aitarekin azken eguna igarotzea ahalbidetuko dien magiarik ba ote dagoen jakin nahi dute, hura hil zenean oso txikiak baitziren.

Programazioari buruzko xehetasun gehiago Ermua Antzokiaren mikrositean.

Emanaldietarako sarrerak

Zine denboraldi berri eta berezi honetan, itzulera mailakatua programatzea erabaki da, dena ondo dabilela egiaztatzeko. Hori dela eta, irailean ostegunetako zine-klubeko saioetara eta igandeetako haurrentzako zinemara mugatu da egitaraua. Horrela, lehen hilabete honetan ez da zine komertzialeko emanaldirik eskainiko.

Irailean, beraz, ez da Zinema Bonurik egongo, eta sarrera orokorrarekin soilik sartu ahal izango da zine-klubeko saioetara, 3,85 euroko kostuarekin. Kultura Sailak urrian zinema komertziala programatzea espero du, eta orduan jarriko da salgai berriro hileko bonoa. Bestalde, haurrentzako zinemarako sarrerek 3,05 euroko prezioa dute.

Guztia ahalik eta ondoen egin dadin, Ermuko Udalak eskatzen du, ahal den neurrian, programatutako edozein ikuskizunetara joan nahi dutenek sarrerak aldez aurretik eskuratzen saia daitezela. Horretarako, sarrera guztiak Ermua Antzokiko leihatila digitalean edo Lobianon egongo dira salgai, ohiko ordutegian.

Segurtasun neurriak Ermua Antzokian

Zinemara itzulera herritarrentzako osasun-segurtasun handieneko baldintzetan gauzatu ahal izateko, Kultura Sailak aldaketak egin behar izan ditu, kultura-programazioa garatzeko baldintzei dagokienez. Hala, osasun-neurriak ezarri dira, nahitaez bete beharrekoak Ermua Antzokira sartzeko eta bertan egoteko:

  • Pertsona bakoitzak bere maskara ekarri beharko du Ermua Antzokira sartu ahal izateko. Maskara uneoro jantzita eraman beharko da ikuskizunak irauten duen bitartean.
  • 10 urtetik beherakoek heldu batekin etorri beharko dute.
  • Sarrerak ez dira zenbakituko eta Ermua Antzokiko langileek esleituko dituzte eserlekuak, ikus-entzuleak iristen diren ordenaren arabera.
  • Ekitaldira behar besteko aurrerapenarekin joatea eskatzen da, sarrera ohi baino motelagoa izango baita eta sarrerak ez baitira zenbakituak izango.
  • Instalaziora sartzean, baita leihatilako ilaran ere, pertsonen arteko 2 metroko distantzia gorde beharko da.
  • Eserlekuen arteko 2 metroko distantzia-neurria ere gorde beharko da, batera datozen pertsona-taldeen kasuan izan ezik.
  • Ermua Antzokiaren edukiera murriztu egingo da, eta, beraz, sarrera aldez aurretik erostea eskatzen da. Murrizketa hori komunetan ere kontuan hartu beharko da: pertsona bakarra komun bakoitzeko, eta bakarra bi konketa bakoitzeko.
  • Ikuskizuna amaitutakoan, zuen eserlekuetan egon zaitezten eskatzen dizuegu, gure langileek irteera mailaka antolatu ahal izan dezaten.

Kultura Sailak ulermena eskatzen du egindako aldaketengatik eta aldaketa horiek egoera berezi horietan sor ditzaketen nahasmenduengatik, baina gogorarazten du neurri horiek guztiak Ermua Antzokira joaten diren pertsona guztien segurtasuna bermatzeko eta kulturaz osasun-baldintza onenetan gozatu ahal izateko hartzen direla.

Lotutako albisteak

Imagen
13.05.25
‘Los pecadores’ eta ‘Muy lejos’ filmak Ermua Antzokiaren asteko zine proposamenak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude
Imagen
07.05.25
Korrontzi eta Alboka Musika Eskolako Bandaren kontzertua

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro
Imagen
06.05.25
"Sorda" eta "Confidencial", asteko zine egitarauko protagonistak

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan