Drama feminista eta animazioa euskaraz aste honetako zine programazioan
Jada iritsi gara irailaren erdialdera, eta Ermua Antzokiak bi zinta berrirekin emango dio jarraipena zine programazioari. Aste honetako agenda ostegunean, hilak 17, hasiko da zineklub saioarekin, eta bertan Papicha, sueños de libertad (2019) filma eskainiko da. Mounia Meddour aljeriarrak zuzentzen du Marwan Zeghbib, Lyna Khoudri eta Shirine Boutella protagonista dituen lana. Aljerian 90. hamarkada da, eta Nedjmak, 18 urteko ikasle batek, Aljer hiri unibertsitarioan ostatu hartu eta estilista bihurtzea amesten du. Aljeriako gerra zibileko gertakari tragikoek zaildu egiten dute bizimodu normala egitea, baina egoerari uko egin eta gauean bere lagun Wassilarekin irtetea ez diotela galaraziko sinesten du. Gaua iristean, hiriko alanbre-hesiaren sareetatik ihes egiten du bere lagun onenekin diskotekara joateko, non bere sorkuntzak saltzen baitizkie ''papitxei'', aljeriar gazteei. Herrialdearen egoera politiko eta sozialak okerrera egiten du, baina Nedjmak erradikalen debekuak onartzeari uko egiten dio, eta askatasunaren eta independentziaren alde borrokatzea erabakitzen du, moda desfile bat antolatuz. Papicha, sueños de libertad ostegunean eskainiko da, 20:30ean, jatorrizko bertsioan azpitituluekin. Sarrerak 3,85 euroko prezioa du, eta esteka honen bidez eskura daiteke.
Igandean, hilak 20, haurrentzako zinemaren txanda izango da Abentura historiaurrean filmaren eskutik. Animaziozko zinta txinatar honek Vick eta bere lagun hartzak aurkezten dizkigu, iraganean harrapatuta geratzen direnak eta buruan gauza bakarra dutela diruditen animaliez inguratuta daudenak: jatea! Gure heroiak banantzen direnean, Briarrek Feifei izeneko otso gazte bat ezagutuko du. Bitartean, Bramble eta Vick istiluetan sartuko dira gizaki primitiboen tribu batek harrapatzen dituenean. Hau abentura bat da, aurrez sekula bizi izan ez dutena! Iraganean betiko harrapatuta geratu baino lehen biltzeko eta itzultzeko gai izango dira? Abentura historiaurrean filmaren proiekzioa 17:00etan hasiko da. Sarrerak 3,05 euroko prezioa du, eta aurrez eros daiteke Ermua Antzokiko leihatila digitalean.
Informazio gehiagorako, ikusi ezazu Antzokiaren mikrositea.
Segurtasun neurriak Ermua Antzokian
Zinema ahalik eta osasun-segurtasun handieneko baldintzetan egin dadin, Kultura Sailak nahitaez bete beharreko osasun-neurri hauek ezarri ditu Ermua Antzokiko aretora sartzeko eta bertan egoteko:
- Pertsona bakoitzak bere maskara eramango du Ermua Antzokira sartu ahal izateko. Maskara beti jantzita eraman behar da.
- 10 urtetik beherakoek heldu batekin etorri beharko dute.
- Sarrerak ez dira zenbakituko, eta Ermua Antzokiko langileek esleituko duete ikusleei eserlekua, iritsi diren hurrenkeraren arabera.
- Ekitaldira behar besteko aurrerapenarekin joatea eskatzen da, sarrera ohi baino motelagoa izango baita eta sarrerak ez baitira zenbakituak izango.
- Bai leihatilaren ilaran, bai aretora sartzeko, pertsonen arteko 2 metroko distantzia gorde beharko da.
- Eserlekuen artean 2 metroko distantzia-neurria ere gorde beharko da, batera datozen pertsonen kasuan izan ezik.
- Ermua Antzokiak edukiera mugatua izango du, eta, beraz, komeni da sarrera aldez aurretik erostea. Komunak erabiltzeak ere mugak izango ditu: pertsona bakarra komun eta bi konketako.
- Ikuskizuna amaitu ondoren, eserlekuetan gelditu, langileek esparrutik modu mailakatuan ateratzeko aukera antolatu dezaten.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan