‘Contra la democracia’, beldur eta umore pilulak
Ermua Antzokiak iraila-abendua 2020 kultur programazio berria estreinatuko du ostiral honetan. Covid-19ak eragindako etenaldiaren ondoren, zuzeneko ikuskizunez gozatzeko aukera izango dugu berriro, eta antzezlan harrigarri batekin ekingo zaio egitarauari: Contra la democracia.
Teatro del Noctambulo konpainiak izua eta umorea nahasten dituzten zazpi obra txikiz osatutako proposamen hau aurkezten du; zazpi une arraro bezain hurbil, zazpi ikuspegi surrealista eta sendo, gero eta eskandalagarriagoa den engainu kolektibo baten inguruan. Muturreko egoera sozialak aurkezten dituzten zazpi ekintza, satira eta esperpentoz beteak. Egunerokotasunean gu geu irensteko aukera ematen digun errealitate baten zatiak; izan ere, ba al da oraindik herritarrok gure gizartea gobernatzen dugula uste duen inor?
Contra la democracia lanean, botereak herria desegitea erabaki du, hutsetik hasi, herritar guztiak kanporatu eta hautaketa berri bat eginez: sistema kendu baina, aldi berean, hurrengo hauteskundeetan mendekua hartuko duela zin egiten duen bikotea; berdintasunaz hitz egiten duen baina harrikada batez bota berri duen lagunaren berdina izan nahi ez duen gizona; ekonomia krisi garaian guztien onerako bere semea hil behar duela erabakitzen duten senar-emazteak; garai ezberdinetako bi politikariren arteko topaketa ezinezkoa; ezjakintasunaren arriskuaren aurrean jartzen diren auzokide batzuk eta gure demokraziaren mugekin topo egiten duen emakume afganiar bat.
7 ikuspegi kalidoskopiko, gure errealitatea ulertzeko funtsezko gaietako bati buruz dugun ikuspegia berritzeko aukera ematen digutenak. 10 minuturo, ikusleek gai beraren beste ikuspegi bat izango dute begien aurrean, beti harrigarria eta adierazgarria. Azido sulfurikoz betetako zazpi gozoki.
Antonio C. Guijosak zuzentzen du Esteve Solerrek sortutako lana, eta Jose Vicente Moiron, Meme Tabares, Gabriel Moreno eta Marina Recio aktoreak izango dira eszenatokian.
Antzezlanak 85 minutu inguruko iraupena du, eta ostiralean, hilak 18, hasiko da, 22:15ean Ermua Antzokian. Sarrerak 10 eurotan daude salgai www.kutxabank.es webgunean eta Lobiano Kultur Gunean – astelehenetik ostiralera 09:00etatik 21:00etara–.
Ikuskizunaz modu seguruan gozatuko dela bermatzeko, jarraian nabarmenduko ditugun hainbat neurri ezarri dira:
- Maskara erabiltzea eta eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea nahitaezkoa izango da esparrura sartu ahal izateko.
- Edukiera murriztu egin da, bai besaulki-patioan, bai komunetan.
- Sarrerak ez dira zenbakituta egongo, eta, beraz, aretoko langileak arduratuko dira eserlekuak esleitzeaz.
- Pertsonen arteko segurtasun-tartea mantendu behar da, elkarrekin doazen pertsonen artekoa izan ezik.
- Sarrerak bitarteko digitalen bidez eta aldez aurretik erostea gomendatzen da, leihatilan pilaketarik egon ez dadin.
- Halaber, ekitaldietara garaiz joatea gomendatzen da, sarrera ohi baino motelagoa izango baita.
- Ikuskizunen ondoren, aretoa pixkanaka hustuko da, bertako langileen jarraibideen arabera.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan