‘Tenet’ eta ‘La boda de Rosa’ ikusgai aste honetako zine programazioan
Zine aste berri bati ekitear da Ermua Antzokia, eta lau pelikula berri izango ditugu ikusgai datozen egunetan, ostegunetik asteartera bitartean.
Hilaren 8an, osteguna, zineklub saioan Un diván en Túnez film frantziarra eskainiko da. Manele Labidi Labbék zuzendu du umorezko drama hau, eta Golshifteh Farahani, Majd Mastoura eta Hichem Yacoubi aktoreak ditu protagonista. Urte luzez Frantzian ikasten aritu ostean, Selmak kontsulta psikiatriko propioa zabaldu du Tunezeko behe-auzo ezagun batean, Udaberri Arabiarra errebolta sozial eta politikoa igaro eta gutxira. Bertan, paziente berriak artatu beharko ditu, eta euren arteko kultur desberdintasunek eragingo dituzten arazoei aurre egin; horrela, atzean utzi zuela uste zuen iraganarekin topo egingo du. Un diván en Túnez jatorrizko bertsioan emitituko da, azpitituluekin, 20:30etik aurrera.
Zine komertziala larunbatean hasiko da, 19:30ean, La boda de Rosa filmaren lehenengo emisioarekin. Iciar Bollainen azken lanak Candela Peña, Sergi Lopez eta Nathalie Poza aktoreak batu ditu, eta umorezko komedia honek Malagako Zine Jaialdiko Epaimahaiaren Saria eta protagonista ez den Emakumezko Aktore Onenaren (Poza) Saria eskuratu ditu. 45 urte betetzear da Rosa, eta beti bestentzat bizi izan dela ohartu da. Hori horrela, ospa egitea erabaki du, guztia utzi eta botoi nuklearra sakatzea. Bere bizitzaren jabe izan nahi du eta negozio propioa izateko ametsa bete, baina berehala konturatuko da bere aitak, anaiek eta alabak bestelako planak dituztela eta bizitzaz aldatzea ez dela hain erraza ez badago familiaren gidoian. La boda de Rosa astelehenean ere eskainiko da 20:30ean.
Asteko bigarren film komertziala Tenet thrillerra izango da, Christopher Nolan zuzendari britainiarraren azken pelikula. Interstellar, Dunkirk eta El caballero oscuro bezalako arrakasten egileak John David Washington, Robert Pattinson eta Elizabeth Debicki jarri ditu kameren aurrean lan ikusgarri eta sofistikatu honetarako. Istorio honetako protagonistak nazioarteko espioitzaren mundu konplexuan murgildu beharko du bere kabuz, denboraren muga fisikoak gainditzen dituen misio arriskutsu batean mundua salbatzeko. Helburua lortu ahal izateko, hitz bat soilik du arma gisa: Tenet. Film harrigarri bezain ikusgarri hau igandean 19:30ean eta asteartean 20:30ean.
Haurrentzako zineari dagokionez, igandean 17:00etan Bihurri, jauretxetik kale gorrira animaziozko euskarazko filma emitituko da. El Principe Encantado, Shrek eta Shrek 2 pelikulen ekoizleek balorez beteriko istorio samur hau aurkezten dute, bere patuan abandonatutako txakur aristokratiko bati eta abestiak konposatuz aurrera egiten saiatzen den neska gazte bati buruzkoa. Bere jabe aberatsa hil ondoren, protagonista, Bihurri izeneko txakur bat, bakarrik dago hiri handiko kaleetan bere bizitzan lehen aldiz, Zoe izeneko neska gazte batek etxera eraman arte. Ugazabak bere ondasun guztiak utzi dizkio berari, eta orain ihes egin behar die seme-alaba gutiziatsuei, hauek herentzia kobratzeko erabili nahi baitute.
Informazio gehiagorako, ikusi ezazu Ermua Antzokiaren mikrositea.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan