Lau pelikula berri urriko programazioari amaiera emateko
Ermua Antzokiak lau zinta berri eskainiko ditu urriaren azken txanpa honetan, bihartik asteartera bitartean. Hileko azken aste honetako programazioa zineklub saioarekin hasiko da, eta Nunca, casi nunca, a veces, siempre film estatubatuarra proiektatuko da bertan. Eliza Hittman zuzendariak Sidney Flanigan, Talia Ryder eta Théodore Pellerin aktoreak ditu protagonista drama honetan. Autumn nerabe apatiko eta isila da, eta Pennsylvaniako supermerkatu batean egiten du lan kutxazain gisa. Haurdunaldi akzidentala izan ostean, eta bere estatuan abortu bat egin ahal izateko aukera bideragarririk ez duenez, bera eta Skylar lehengusina dirua bildu eta autobus batean sartuko dira New Yorkera bidean. Klinika bateko helbidea paper batean apuntatuta eta gaua pasatzeko lekurik gabe, bi neskak ezagutzen ez duten hiri horretan sartuko dira. Gogorarazten dizuegu Nunca, casi nunca, a veces, siempre jatorrizko bertsioan eskainiko dela azpitituluekin, ostegun honetan, 19:00etan, eta ez 20:30etako ohiko ordutegian.
Programazio komertzialak betiko ordutegiari eutsiko dio, eta, beraz, larunbatean, hilaren 31n, 19:30ean, Falling filmaren lehen emanaldia eskainiko da. Viggo Mortensen aktore ezagunak familia eta zahartzaroari buruzko drama honekin egin du zuzendari gisa debuta, eta protagonistetako bat da era berean, Lance Henriksen eta Terry Chenekin batera. John Petersen Eric mutil-lagunarekin eta bien alabarekin bizi da Kalifornia hegoaldean. Bere aitak, Willisek, 80 urteko nekazari tradizional eta kontserbadoreak, Los Angelesera bidaiatzea eta Johnen etxean geratzea erabakiko du, erretiroa hartzeko leku egokia bilatzen duen bitartean. Denak batera daudenean, bi mundu oso ezberdinek talka egiten dute. Willis zuhurtasuna galtzen ari dela dirudi, eta bere izaera bereziak, familiako zenbait kiderentzat kaltegarria bezain dibertigarria, iraganeko zauriak eta gertukoen artean mesfidantzazko urteak azaleratzen ditu. Falling azaroaren 2an ere izango da ikusgai, 20:30ean.
Asteburuko bigarren film komertziala Rifkin''s Festival izango da, Woody Allenen lan berria. Elena Anaya, Louis Garrel eta Gina Gershon aktoreek Donostiako Zinemaldira doazen senar-emazte estatubatuarren istorioa kontatzen du. Bikotea jaialdiaz, Espainiaren edertasunaz eta xarmaz eta zinemaren munduaren fantasiaz liluratuta geratuko da. Frantziako zinema-zuzendari bikain batekin affaire bat izango du emakumeak, eta senarra, aldiz, hirian bizi den neska batekin maiteminduko da. Rifkin''s Festival igandean 19:30ean eta asteartean 20:30ean izango da ikusgai.
Haurrentzako programazioari dagokionez, igandean, 17:00etan, Como perros y gatos: la patrulla unida proiektatuko da. Gwen katua eta Roger txakurra mundua babesten eta salbatzen duten bi agente sekretu dira, gizakiek horren berririk izan gabe. Euren aliantza Itun Handiari zor zaio, hamarkada batez txakur eta katuen arteko etsaitasuna gelditzea lortu duena. Hala ere, orain bakea arriskuan jartzen du loro maltzur batek, txakurrek eta katuek bakarrik entzun ditzaketen maiztasunak manipulatzeko modua aurkitu baitu. Gure heroiak gaitzaren garapena geldiarazi eta bi espezieen arteko ‘katastrofea’ saihesteko gai izango ote dira?
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan