Zine programazioari berrekingo dio bihar Ermua Antzokiak

04.11.20
Ermua Antzokia

Ermuko Udaleko Kultura Alorrak adierazi du ostegun honetan, hilak 5, berrekingo diela zine emanaldiei, azken lau egunetan arazo teknikoengatik jasandako etenaldiaren ondoren.

Etenaldia joan den larunbatean hasi zen, Falling filmaren aurreikusitako saioa baino lehentxeago, proiektatzeko makineriaren zerbitzarian matxura bat izan zelako. Filmaren hasierarako zerbitzu teknikoa izatea ezinezkoa zenez, konponketa igandean egitea erabaki zen.

Goizeko lehen ordutik, zerbitzu teknikoa lanean aritu zen 17:00etako haurrentzako zine saiora garaiz iritsi ahal izateko. Hala ere, hori ezinezkoa izan zen. Horregatik erabaki zen saio guztiak bertan behera uztea, astelehenekoak eta asteartekoak barne, hurrengo asteburutik aurrera programatutako filmak eskaini ahal izateko.

Gauzak horrela, aste honetarako aurreikusitako programazioa honakoa da:

  • Osteguna 5: La candidata perfecta, 20:30ean
  • Larunbata 7: Falling, 19:30ean
  • Igandea 8: El arco mágico (haurrentzat) 17:00etan eta Rifkin’s Festival 19:30ean
  • Astelehena 9: Falling, 20:30ean
  • Asteartea 10: Rifkin’s Festival, 20:30ean

Aurreko asteburuko saioetarako sarrera aldez aurretik eskuratu dutenek saio berrietarako erabili ahal izango dute, eta urriko hileko bonoa ere azaroaren 10era arte izango da baliozkoa. Aldiz, aste honetako zine-klubeko saioa, La candidata perfecta filmarekin, ez dago bonuaren erabilerarekin lotuta.

Inguruabar horiek kontuan hartuta, azaroko bonoa martxan egongo da hil honen 12tik aurrera, eta 3 asteko programazioa izango du.

Kultura Sailak barkamena eskatu nahi du egoera horrek guztiak eragindako eragozpenengatik, eta testuinguru berezi honetan programatutako jarduerez gozatzen jarraitzera animatu ditu herritarrak.

Filmen fitxak eta sinopsiak

Zinekluba. La candidata perfecta (Haifaa Al-Mansour, 2019). Emakume bat atzera egitera behartuko dute aireportuan bere gizonezko tutorearen erruz, ez baititu legezko paperak. Jazoera horrek bultzatuta, Saudi Arabian nagusi diren arau matxistei aurre egiteko kanpaina hasiko du, emakumeak diskriminatzen dituen portaera sozialaren eta norbanakoarenak izan beharko luketen erabaki garrantzitsuetan familiak duen eraginaren harira.

Zine komertziala. Falling (Viggo Mortensen, 2020). Aktore ospetsuak familia eta zahartzaroari buruzko drama honekin egin du zuzendari gisa debuta, eta protagonistetako bat da era berean, Lance Henriksen eta Terry Chenekin batera. John Petersen Eric mutil-lagunarekin eta bien alabarekin bizi da Kalifornia hegoaldean. Bere aitak, Willisek, 80 urteko nekazari tradizional eta kontserbadoreak, Los Angelesera bidaiatzea eta Johnen etxean geratzea erabakiko du, erretiroa hartzeko leku egokia bilatzen duen bitartean. Denak batera daudenean, bi mundu oso ezberdinek talka egiten dute. Willis zuhurtasuna galtzen ari dela dirudi, eta bere izaera bereziak, familiako zenbait kiderentzat kaltegarria bezain dibertigarria, iraganeko zauriak eta gertukoen artean mesfidantzazko urteak azaleratzen ditu.

Zine komertziala. Rifkin’s Festival (Woody Allen, 2020). Elena Anaya, Louis Garrel eta Gina Gershon aktoreek Donostiako Zinemaldira doazen senar-emazte estatubatuarren istorioa kontatzen du. Bikotea jaialdiaz, Espainiaren edertasunaz eta xarmaz eta zinemaren munduaren fantasiaz liluratuta geratuko da. Frantziako zinema-zuzendari bikain batekin affaire bat izango du emakumeak, eta senarra, aldiz, hirian bizi den neska batekin maiteminduko da.

Haurrentzako zinea. El arco mágico (Vasiliy Rovenskiy, 2020). Delphy izurde lotsatiak Arko Magikoa aurkituko du, edozein arrain nahi duen orotan bihurtu dezakeen tresna. Egun batean, Moray arrainek gaizki erabiliko dute Arkua, erraldoi bihurtuko dira eta Fish Town herrixka lasaia eurenganatzea erabakiko dute. Delphyk galdutako aitarekin bat egin beharko du Morayei aurre egiteko beharrezko indarra eta boterea eskuratzeko eta herria babesteko.

Lotutako albisteak

Imagen
02.12.25
Ermua Antzokiak aurtengo lau estreinaldi eskainiko ditu

Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Imagen
01.12.25
Ermua Antzokiak eta Lobianok 19 ikuskizun eskainiko dituzte datorren urtarriletik maiatzera bitartean

Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
Imagen
26.11.25
‘Tanttaka'k bizitzaren zailtasunen inguruko endredozko komedia aurkeztuko Antzokian

‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?', antzelana, ostiralean 20:30ean