'Artearen Ibilbidea' ikusgai izango da Ermuan azaroaren 18tik 25era
Erakusketa publikoaz gain, arteari buruzko bi hitzaldi eskainiko dira Lobiano Kultur Gunean
Ermuko Udaleko Kultura Sailak Artearen Ibilbidea izeneko erakusketa antolatu du, Bilboko Arte Ederren Museoarekin lankidetzan. Horri esker, Bizkaiko hiriburuko museoaren bildumako 40 artelanen erreprodukzioak ikusteko eta gozatzeko aukera izango dugu gure udalerrian.
Orbe Kardinala plazan kokatuko da galeria ibiltaria azaroaren 18tik 25era bitartean, 10:00etatik 18:00etara. Ikusgai jarriko diren erreprodukzioak kalitate handiko teknikak baliatuz egin dira, xehetasunetan zehaztasun izugarria lortzeko eta koloreak bere horretan mantentzeko.
Artelan bakoitzak, gainera, azalpen txiki bat izango du ondoan, formatu analogikoan nahiz digitalean. 40 obretatik 24k QR kodeak izango dituzte, euskarazko, gaztelerazko, ingelesezko edota frantsesezko azalpenen audioak doan deskargatu ahal izateko. Gainera, sei artelanek 5 eta 10 urte arteko haurrentzat espreski diseinatutako kontakizunak izango dituzte eskuragarri.
Artearen Ibilbidea erakusketaren helburua museoko bildumen zabalkundea indartzea da, instalazioko aretoetatik gaindi, eta herritarrak artera hurbildu daitezen bultzatzea. Modu horretara, herritarrek museoko ondare aberatsaz gozatzeko eta horretaz jabetzeko aukera izan dezake, artearen historiako aro eta eskola ezberdinetako artista handien obren eskutik.
Erakusketaren osagarri eta gehigarri moduan, doako bi hitzaldi ireki eskainiko dira museoko bilduma ikuspuntu ezberdinetatik ezagutzera emateko. Biak 19:00etan hasiko dira Lobiano Kultur Gunean.
Lehenengoa azaroaren 19an, osteguna, izango da, Emakumeen irudikapena Bilboko Arte Ederren Museoko bilduman. Alicia Garcia Santos emakumeentzako Jabekuntza Eskoletako arte irakasleak gogoeta egingo du emakumeei buruzko irudi estereotipatu eta apropos bat eskaintzeko orduan artearen papera zein izan den definitzeko. Genero ikuspegitik aztertuko dira hori eta beste hainbat gai, begirada berritzaile batekin.
Bigarren hitzaldia azaroaren 24an, asteartea, izango da, Arantxa Pereda Angulo ikertzailearen eskutik. Ibilbide bat euskal artean barrena Bilboko Arte Ederren Museoko bilduman XIX. mendearen bigarren erdialdetik gaur arte Euskadin garatu diren pintura- eta eskultura-planteamenduetara modu atsegin eta eskuragarrian hurbiltzen saiatuko da, bildumaren barruan berezitasunik handiena duten artisten ikerketaren bidez.
Lotutako albisteak
Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
Egoitza elektronikoaren bidez, Abiapuntu bulegoan edo Liburutegian