Ermuak Gabonetako argiak piztuko ditu ostegun honetan
2020. urtea zaila eta ezohikoa izaten ari da Covid-19aren pandemiaren ondorioz, baina abenduan sartu gara jada, eta berehala hasiko dira Gabonak. Ermuak argiak piztuko ditu ostegun honetan, hilak 3, herritarrei eta, batez ere haurrei, kolorea, ilusioa eta itxaropena ekartzeko.
Gure herriko kaleetan 200 apaingarri baino gehiago kokatu dira, besteak beste, izarrak, arkuak, elurra eta bolak. Ximenez Catalunya enpresak jarri ditu aurten ere Gabonetako argiak, eta guztira, 59.991,80 eurokoa aurrekontua du, BEZa barne.
Zenbait esparrutan eztabaida sortu den arren, Udalak eta EMOE Ermuko Merkataritza eta Ostalaritza Elkarteak aurten Gabonetako argiak mantentzea adostu dute, herriko establezimenduetan erosketak egitea errazten eta bultzatzen dutelako eta kaleei kolorea eta poza ematen dietelako. Argiak urtarrilaren 7ra arte egongo dira piztuta.
Juan Carlos Abascal alkateak azaroaren 24ko Informazio Batzordean adierazi duenez, "pertsona batzuek azaldu dute Gabonetako argiak jarri behar direla argi-enpresek lana izan dezaten, baina ez direla piztu behar gasturik ez sortzeko. Uste dugu ez duela zentzurik zerbait kontratatzeak horretaz ez gozatzeko; gainera, argi horiek pizteak 3.000 euro inguruko kostua du, LED motakoak baitira eta ez baitute askorik kontsumitzen. Beraz, ez da gastu handia, ematen duten balioarekin alderatuta".
Bestalde, alkateak azpimarratu duenez, Ermuko Udalak ez du udazkenera arte itxaron neurri ekonomikoen paketeak onartzeko Ermua Aurrera Txoke Planaren barruan. Hala, 660.000 euroko diru-laguntzak eman dira jada ostalaritzak, merkataritzak, familiek, enpresek eta behar handiena dutenek aurrera egin dezaten.
"Ermuko gabonetako argiak politak eta duinak dira, gehiegizkoak izan gabe, eta gastua 60.000 euro ingurukoa da, herritarrentzako laguntza paketeetan inbertitu dena baino hamar aldiz gutxiago", adierazi du alkateak.
Lotutako albisteak

Bi zati horietan eskubanda eta beste piezaren bat aldatu beharra dago

Bihar hasi eta bi aste iraungo dute lanak: beirazko panelak aldatu, profilak garbitu eta estalkia zigilatuko da

‘IREKI’ aplikazioak edukiontzi marroia irekitzeko eta organikoaren poltsak jasotzeko balio du. Android eta IOS sistemetarako dago erabilgarri