Azken egunak eskola materiala erosteagatik diru-laguntzak eskatzeko

02.12.20
Erakundea

Ermuko Udalak ostiral honetan, abenduak 4, emango du amaitutzat herriko dendetan eskola materiala erosteko diru-laguntzen kanpaina. Hala, 2020ko irailaren 1etik urriaren 30era bitartean egindako arropa, oinetakoak, kirol-materiala, eskola-materiala (testuliburuak izan ezik), material informatikoa, betaurrekoak eta lentillen erosketengatik, ikasle ermuar bakoitzak 90 euro jaso ahal izango ditu gehienez.

Eskabideak Abiapuntu bulegoan entregatu daitezke gaur asteazkena eta bihar osteguna 08:00etatik 19:00etara, eta ostiralean 08:00etatik 15:00etara. Bide telematikoa ere erabili daiteke, noski, Egoitza Elektronikoaren bitartez. Eskaera orriarekin batera, Ermuko dendetan irailaren 1etik urriaren 30era bitartean egindako gastuen faktura aurkeztu beharko da, eskatzailearen izenean, eta bankuko kontuaren titulartasuna egiaztatzen duen dokumentu bat ere bai.

16 urtetik gorako ikasleen kasuan, egiten ari diren ikasketen matrikula egiaztagiria gehitu beharko da, eta lanik ez duten 25 urtetik gorakoek, gainera, langabezia egoera ziurtatzen duen agiria aurkeztu beharko dute.

Neurri horien helburu nagusia Covid-19aren krisiak herriko kolektibo ahulenetan izan dezakeen eragina murriztea da. Horrela, familiei, ikasle gazteei eta herriko dendei laguntzeko, Ermuan eskola materiala erostea bultzatuko du Udalak, ikasle bakoitzari 90 eurorainoko laguntzak emanez.

Diru-laguntzak hiru lerrotan banatzen dira:

  • 2004ko urtarrilaren 1etik 2008ko abenduaren 31ra bitartean jaiotako ikasleak, eskolaratuta daudenak eta 2020an Ermuan erroldatuta egon direnak.
  • 1995ko urtarrilaren 1etik 2003ko abenduaren 31ra bitartean jaiotako ikasleak, ikasketa arautu edo okupazionalak, masterrak, doktoretza tesiak edo HHI (Helduen Eskola) burutzen ari direnak.
  • 1995ko urtarrilaren 1a baino lehen jaiotako ikasle langabetuak, ikasketa arautu edo okupazionalak, masterrak, doktoretza tesiak edo HHI (Helduen Eskola) burutzen ari direnak.

Familientzako, ikasleentzako eta tokiko saltokientzako laguntza horiek Ermua Aurrera Plan Berezian jasota daude. Plan hori Covid-19 pandemiaren ondorioei aurre egiteko sortu da, eta Udaleko talde politiko guztiek aho batez onartu dute. Herritarren ongizatea bermatzea eta osasun-krisiaren aurreko ekonomia-, enplegu- eta kontsumo-jarduerak berreskuratzen laguntzea du helburu.

Lotutako albisteak

Imagen
05.05.25
‘Oporretan Jolas’ ekintzetan izen ematea zabaltzear

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik
Imagen
30.04.25
Ermuak NAN digitala eguneratzeko makina jartzea eskatu du Abiapuntun

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko
Imagen
30.04.25
Udal liburutegiak ordutegia luzatuko du ikasturte amaierako azterketak direla-eta

Maiatzaren 3tik ekainaren 12ra ordu gehiago irekiko ditu egunero eta baita asteburuetan ere