Lau zinta berri urteko azkenaurreko zine programazioan
Ermua Antzokia 2020ko kultur eta zine programazioaren azken txanpan sartu da jada. Bi aste besterik ez dira geratzen urte berezi honetako zineari agur esateko, eta ostegunetik asteartera bitartean, lau film berri eskainiko dira publiko guztientzat.
Bihar osteguna hasiko da asteko programazioa zineklubaren eskutik. Bertan, Emin Alper zuzendariaren Un cuento de 3 hermanas film turkiarra eskainiko da. 80. hamarkada da, eta Reyhan, Nurhan eta Havva Anatolia erdialdeko herrixka batean aitarekin bizi diren hiru ahizpa dira. Hirurak hirira bidaliko dituzte lanera, ongi bizi diren familietako neskame gisa, bizitza hobea izango duten itxaropenarekin, baina handik denbora batera, ezohiko gertaerak tarteko, hirurak etxera bueltatuko dira. Urte askoan lehen aldiz, euren jaioterrian elkarrekin egoteko aukera izango dute ahizpek, baina inguru, harreman eta ustekabeko erronka berriei aurre egin beharko diete. Familia drama hau 19:00etan eskainiko da azpititulatutako jatorrizko bertsioan.
Zine komertziala Hil kanpaiak euskal produkzioarekin hasiko da. Imanol Rayo zuzendariaren bigarren lanak Itziar Ituño, Eneko Sagardoy eta Yon Gonzalez ditu protagonista, eta Miren Gorrotxategi idazlearen 33 ezkil eleberri beltzean oinarritzen da. Garizmendi baserrian giza hezur batzuk agertu dira, eta bertan bizi diren Fermin eta Karmenek euren seme Nestorri deitu diote. Honek Ertzaintzari abisua eman dio, baina agenteak iritsi direnean, jada ez dago hezurrik. Segidan, hil-kanpaiak joka hasi dira auzoko baselizan. Adur txarreko seinale horrek, gertaera latzak ekarri ez ezik, familiaren eta ingurukoen garai bateko zauriak irekiko ditu. Hil kanpaiak larunbatean eta astelehenean eskainiko da 19:00etatik aurrera azpititulatutako jatorrizko bertsioan.
Asteko bigarren film komertziala Los Europeos izango da, Victor Garcia Leonek zuzendutako gerraosteko drama. Raul Arevalo eta Juan Diego Botto ditugu 50eko hamarkadan Espainian girotutako film honetako protagonistak. Miguel eta Antonio, hogeita hamar urteko bi ezkongabe, Ibizara joango dira Europako turisten mito sexualak eta askatasunaren ilusioak erakarrita. Uhartean, ordea, ez da ezer izango haiek espero zuten bezala. Iristen direnean Valentziako neska batzuekin izandako lehen harreman etsituen ondoren, bi adiskideek bertako fauna parrandazale berezia ezagutuko dute, ondo pasatzeko gogoz. Antoniok jaiak eta gaueko irteerak lotzen dituen bitartean, Migelek, eszeptikoago, nahiago du hori alde batera uztea, Odettek, frantses xarmantak, liluratu arte. Los Europeos igandean eta asteartean izango da ikusgai, 19:00etan.
Haurrentzako programazioari dagokionez, igandean 17:00etan hasiko da Los Fixies contra los Crabots pelikula. Animaziozko zinta errusiar honek Rebeca aurkeztuko digu, Eugenio irakasleak unibertsitatean izan zuen neskalaguna. Berak jakingo du Eugeniok Unibertsitateko 3D Inprimaketako Sari Nagusia irabazi zuela, inprimagailua barrutik zuzentzen zuten Fixies izeneko laguntzaile sekretu batzuei esker. Arrazoi honengatik, munduari izaki txiki hauen existentziaren berri ematearekin mehatxatzen du, baina sekretua kontatu aurretik, Eugeniori desafio egiten dio munduak, azkenean, asmatzailerik onena nor den jakin dezan.
Informazio gehiago, Ermua Antzokiaren mikrositean.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan