‘Filomena’ elur denboraleak zine programazioa aldatzera behartu du Ermua Antzokia

13.01.21
Ermua Antzokia

Zine aste berri bat hastear da Ermua Antzokian, eta azken orduko aldaketak izango ditu egitarauak. Izan ere, penintsula erdialdea gogor astindu du ‘Filomena’ elur denboraleak, eta eragina izango du datozen egunetako zine programazioan: aurreikusitako bi pelikula ezingo dira eskaini, kopiak ez baitira garaiz iritsiko Madrilgo instalazioetatik.

Hori horrela, hilaren 14ko, osteguna, zineklub saioan ezin izango da Beginning film georgiarra eskaini. Horren ordez, Abel Ferrara zuzendari italiar ezagunaren azken lana emitituko da: Tommaso. Willem Dafoe aktore bikaina du protagonista zinta honek, eta bertan Nikki emaztearekin eta Deedee 3 urteko alabarekin Europan bizi den artista estatubatuarraren historia kontatzen da. Esperimentu originala da pelikula hau, eta Ferrarak berak artista gisa duen izaera erakusten du. Tommaso ostegunean eskainiko da 19:00etatik aurrera, jatorrizko bertsioan azpititulatuta.

Zine komertziala aldaketarik gabe hasiko da larunbatean, The Glorias filmaren lehenengo emisioarekin. Julie Taymor zuzendariak Gloria Steinem aktibista feminista amerikarraren biopic hau aurkezten digu, Julianne Moore aktorea protagonista duela. Steinem berdintasunaren aldeko mugimendu iraultzailearen irudi ikonikoetako bat izan zen. Indiako emakumeen artean izan zuen gizarte aktibismoko lehenengo esperientziatik hasita, 60ko hamarkadan kazetari gisa egindako lanera, eta 1977ko Emakumearen Konferentzia Nazional historikora arte; jendearekin sakon konektatzeko eta haiei entzuteko aukera eman zion bidea landu zuen Steinemek, euren testuingurua ulertuz eta mundua aldatuko zuen mugimendu bat osatuz. The Glorias larunbatean eta astelehenean izango dugu ikusgai 19:00etatik aurrera.

Aste honetarako aurreikusitako bigarren film komertziala, aldiz, ezin izango da gure pantailara iritsi. Beraz, Hasta el cielo pelikularen ordez, Ni de coña komedia espainiarra emitituko da, datorren asterako aurreikusita zegoena. Fernando Ayllonek zuzendutako lanak Nathalie Seseña, Goyo Jimenez, J.J. Vaquero eta Jordi Sanchez ditu protagonista. Banatzear dauden lau bikotek bikote-terapia batera joatea erabakitzen dute Karibera, euren harremanak salbatzeko asmoz. Bertan, maitasunaren ‘guru’ batzuk ezagutuko dituzte, metodo berezi eta xelebreen bitartez, euren mundua hankaz gora jarriko dutenak. Ni de coña igandean eta asteartean emitituko da 19:00etan.

Igandeko haurrentzako saioari dagokionez, aurreikusitako film bera mantenduko da, eta 17:00etan Mi amigo Pony pelikula frantziarra eskainiko da. 10 urteko Cecile mutikoa Frantzia hegoaldera joango da bizitzera Louise amarekin. Herri berriko umeekin barneratuta sentitzea ez da erraza izango. Etxe ondora zirku ibiltaria iristen denean, Cecile bertako ponia gaizki tratatzen dutela konturatuko da, eta hura babestea eta handik ateratzea erabakiko du. Brancalou zirkuko zuzendari maltzurra eta Victor misteriotsua haiek atzematen saiatuko dira, baina Cecile eta ponia oztopoz beteriko abentura batean murgilduko dira, laguntasunari buruzko bidaia sinestezinean.

Informazio gehiago Ermua Antzokiaren mikrositean.

Lotutako albisteak

Imagen
10.06.25
Banarte Antzerki Taldeak "Cuentra atrás" aurkeztuko du Ermuan

Antzezlana ostiral honetan izango da 20:30etatik aurrera Ermua Antzokian
Imagen
Fotografía del elenco de la obra de teatro Antigona
28.05.25
Sutegi antzerki taldeak ‘Antigona’ aurkeztuko du Antzokian

Sofoclesen lan klasikoa ostiral honetan izango da ikusgai, 20:30etik aurrera
Imagen
27.05.25
Ermua Antzokiak denboraldiko azken lau filmak proiektatuko ditu

Aste honetan ‘Una quinta portuguesa’, ‘La niña de la cabra’, ‘Faisaien irla’ eta ‘Moon, mi amigo panda’ ikusi ahal izango ditugu