‘Hasta el cielo’ eta ‘Perfumes’, aste honetan Ermua Antzokiko zine emanaldietan
Zine aste berri bat hastear da Ermua Antzokian, eta lau pelikula izango ditugu ikusgai ostegunetik asteartera bitartean. Programazioa bihar, urtarrilak 21, hasiko da zineklub saioarekin; bertan, Josep animaziozko drama frantziarra ikusteko aukera izango dugu. Aurelek zuzendutako lana gerraosteko Espainian girotzen da. 1939ko otsaila da, eta Francoren diktaduratik ihesean iristen diren errepublikar uholdeekin gainezka eginda, espainiarrak kontzentrazio eremuetan sartuta uztea erabakiko du Frantziako gobernuak. Gune horietako batean, arantza-alanbreak banatutako bi gizon lagun egingo dira. Horietako bat Josep Bartoli da, Francoren erregimenaren aurka borroka egiten duen marrazkilaria. Europako Zinearen 2020ko Animaziozko Film Onenaren saria eskuratu du Josep pelikulak, eta ostegun honetan ikusi ahalko dugu 19:00etatik aurrera azpititulatutako jatorrizko bertsioan.
Pasatu den astean elur denboraleak eragindako aldaketen ostean – pelikula batzuk ezin izan ziren garaiz iritsi Madriletik –,azkenean larunbat honetan izango dugu Hasta el cielo thriller espainiarra ikusteko aukera. Daniel Calparsorok zuzendutako lanak Miguel Herran, Carolina Yuste, Luis Tosar eta Asia Ortega ditu protagonista. Estrellarekin diskoteka hartan hitz egin zuen egunean, Angelen bizitza betirako aldatu zen. Neska gaztearen Poli mutil-lagun posesiboarekin borroka egin ostean, honek Madrilgo polizia guztia kinkan duen lapurreta talde batekin elkartzera animatzen du. Angel azkar igotzen hasten da lapurreten, diru beltzaren, negozio nahasien eta abokatu ustelen piramide batean, Duque detektibe nekaezinarekin topo egin arte. Hasta el cielo larunbatean eta astelehenean emitituko da 19:00etatik aurrera.
Asteko bigarren film komertziala Perfumes komedia izango da. Grégory Magne frantziarrak zuzendu du filma, eta Emmanuelle Devos, Grégory Montel, Gustave Kervern eta Zelie Rixhon ditu protagonista. Anne Walberg lurrinen munduko izarra da. Lurrinak sortzen ditu eta talentu izugarria saltzen die mota guztietako enpresei. Diba bat bezala bizi da, berekoia da eta izaera handikoa. Guillaume da bere txofer berria, eta hari aurre egiteko beldurrik ez duen bere inguruko pertsona bakarra. Eta hori da, zalantzarik gabe, hura ez kaleratzeko duen arrazoia. Oso desberdinak diren bi munduren arteko talka ikusiko dugu, harreman harrigarri bezain dibertigarria sortzen duena, eta aldi berean, ustekabekoa. Perfumes igandean eta asteartean proiektatuko da, 19:00etan.
Igandeko haurrentzako saioari dagokionez, 17:00etan Los Croods: una nueva era eskainiko da. Zazpi urte pasatu dira ezagutu genituenetik, eta historiaurreko lehenengo familia pantaila handira itzuliko da beste abentura dibertigarri baterako. Bizitzeko leku berri baten bila abiatzera beharturik, Crood-ak mundua esploratzera ausartzen dira, ‘etxea’ deitzen diotena baino leku seguruago bat aurkitzeko asmoz. Baina euren behar guztiak betetzen dituen paradisu harresitu idiliko bat aurkitzen dutenean, leku horrek sorpresa bat ezkutatzen duela ikusiko dute: beste familia bat bizi da bertan, Masmejor familia, hain zuzen. Masmejor sendiak, beren etxe landua zuhaitz batean dutela, beren asmakizun harrigarriekin eta beren baratze itzelekin, Crood-ak baino pauso pare bat aurrerago doaz eboluzio-eskalan. Eta lehen gonbidatu gisa hartzen dituztenean, tirabirak sortzen dira gure harpetar maiteen eta haien antzeko berri eta modernoen artean. Dena galduta dagoela dirudienean, bi familiak abentura epiko batean murgiltzen dira, harresiaren segurtasunaz harago, eta horrek beren arteko ezberdintasunak baztertzera, indarrak batzera eta etorkizun baten alde batera borrokatzera behartuko ditu.
Informazio gehiagorako, jo ezazu Ermua Antzokiaren mikrositera.
Lotutako albisteak
Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?', antzelana, ostiralean 20:30ean